Getxo Kirolak erakundeko abonatuek golfera jokatu ahal dute Artxandako bederatzi zuloko zelaian

Artxandan golfera jokatzeko aukera dute Getxo Kirolak-eko abonatuek
Foto: Getxoko Udala
Actualizado: jueves, 2 febrero 2012 12:05

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

   Getxo Kirolak erakundeko abonatuak diren pertsonek golfera jokatu ahal dute jada Bilbao Golf elkarteak Artxandan, Larrabetzuko Legina auzoan duen bederatzi zuloko zelaian, bi erakundeek sinatutako hitzarmenari esker. 166.000 metro koadroko azalerarekin, golf zelaia 2004an eraiki zuten eta diseinuan Txema Olazabal golf jokalari hondarribiarrak parte hartu zuen.

   Hitzarmenak aukera ematen die Getxo Kirolak erakundeko abonatuei 18 zuloko saioa betetzeko 18 eurogatik, astelehenetik ostiralera (ostiraletan 12:00ak arte). Asteburu eta jaiegunetan 18 euroko tarifa ezarri da bederatzi zuloko ibilbiderako eta 27 eurokoa 18 zuloak jokatu nahi badira. Prezio berezi horiez gain, Getxo Kirolak erakundeko txartela duten pertsonek Bilbao Golf erakundean izena emateko beharrezkoa den 486 euroko kuota ere aurreztuko dute.

   Alvaro Gonzalez Getxoko Udaleko Kirol zinegotziak azaldu duenez, "hitzarmen horrek, Martiarturekin hitzartutakoak bezala, gure eskaintza indartzeko aukera ematen digu golf bezalako modalitate erakargarri batekin, gero eta praktikatzaile gehiago dauzkan kirola da eta. Bere ezaugarriengatik gaur egun kirol hori udal instalazio batzuen barruan eskaintzea oso zaila da".

   Edozein golf zelaitan bezala, interesatutako pertsonek federazio lizentzia izan behar dute, hirugarren mailako kalteentzako asegurua daukana, eta handicap bat, kirol modalitate horretan ezagutza minimo batzuk badirela ziurtatzen duena. Bi baldintza horiek zelaian bertan lortu ahal izango dira, zelaikoek jokatzen ikasteko ikastaroak eskaintzen baitituzte ere. Gainera, hitzarmenaz baliatu ahal izateko, beharrezkoa da Getxo Kirolak erakundeko txartela aurkeztea zelaiko bulegoetan.

   Hitzarmen berria Getxo Kirolak erakundeak beste kirol elkarte batzuekin sinatuak dauzkanei gehitzen zaie, hau da, Martiarturekin golfaren praktikarako sinatutakoari, La Galea Hipika Klubarekin duenari, ekitazioan interesa duten pertsonentzat, eta Ociokart Gueñeseko kart zirkuitua gestionatzen duen enpresarekin hitzartutakoari.