Getxoarte 2011 Arte Sortu Berrien Aretoan parte hartzeko izen-emate epea hasi da

Actualizado: viernes, 2 septiembre 2011 16:10

BILBO, 2 Sep. (EUROPA PRESS) -

Getxoko (Bizkaia) Kultur Etxeak antolatzen duen Getxoarte Arte Sortu Berrien Aretoaren 2011ko edizioan izena emateko epea ireki da. Ekitaldian parte hartu nahi duten artista gazteek Kultur Etxearen areto guztietan eta www.getxo.net webgunean izango dute eskuragarri parte hartzeko oinarriak eta baldintzak. Halaber, 94 431 92 80 eta 94 491 40 80 telefono zenbakien bidez informazioa eska dezakete. Izena emateko epea irailaren 30eko 14:00ak arte egongo da zabalik.

Antolakuntzak adierazi duenez, arte garaikideko zenbait adituk osatutako epaimahaiak egingo du 54 artista onenen aukeraketa, eta horien izenak urriaren azken astean jakinaraziko dira. Hautatutako sortzaileek beren lanak erakutsiko dituzte, abenduaren 2tik 4ra, Areetako Geltokiko Plazan kokatuko den 2.500 metro koadroko karpan.

Horrela, Getxoartek garatze bidean diren artistei beren lanak jendaurrean erakusteko aukera eman nahi die, eta aldi berean, aretoa artista gazteen funtsezko topaleku bihurtu. Horrez gain, Getxoartek arte plastikoen garapena sustatu nahi du, bai eta ekoizpen sortzailea ere. Gainera, proiektu askotarikoei bide emango dieten ikuspuntu nahiz kode artistiko berrien bilaketa bultzatzea du helburu, horiek izango baitira arteen etorkizunaren oinarri.

Getxoarten parte hartu nahi dutenek 35 urtetik beherakoak edo adin hori 2011. urtean beteak izan behar dute. Era berean, Euskal Herrian jaioak, administrazio-egoitza duten edo berton ikasten ari diren pertsonek parte har dezakete.

Hautatuek beren lanak stand batean erakusteko aukera izango dute, doan. Gainera, beren eremuko argiztapen eta seinaleztapen zerbitzuak ere doan izango dituzte. Azkenik, Getxoartek katalogo zabala argitaratuko du parte hartzen duten artista guztien lanen berri jaso eta modu horretan lan artistikoak jendartera errazago zabaltzeko.