Getxoko 29. Eskulangintza Azokak 112 profesional bilduko ditu igandera arte

Eskulangileak zuzenean ariko dira lanean
GETXOKO KULTUR ETXEA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 25 mayo 2012 12:30

BILBO 25 May. (EUROPA PRESS) -

Getxoko (Bizkaia) 29. Eskulangintza Azoka izango da gaurtik igandera bitartean, 26 espezialitateko 112 eskulangileren partaidetzarekin. Areetako Geltokia plazan 96 artisauk erakutsiko dituzte beren lanak eta bi eskulangile zuzenean eginiko erakustaldietan jardungo dira. Gainerako 14 eskulangileek Ibaiondo kaleko gastronomiaren gunean kokatuko dituzte postuak.

Ohi bezala, aire zabalean izango da azoka eta sarrera, doakoa. Goizez 11:00etatik 14:30era egongo da zabalik, eta arratsaldez 17:00etatik 21:00etara; larunbatean 21:30ean itxiko da, Getxoko Kultur Etxeko iturriek jakinarazi dutenez.

Aurtengo azokan hainbat espezialitate erakutsiko dira, besteak beste, zeramika, bitxiak, ehuna, harriak, metala, larrua eta landare-zuntzez eginiko lanak, baita hain ohikoak ez diren beste batzuk ere. Guztira, 26 izango dira Getxon ikusi ahal izango diren eskulangintza arloak, gastronomiaren guneko postuaren eskaintzarekin batera.

Halaber, erakustaldiak ere egongo dira azokan. Aurten, Igor Obeso gipuzkoarra, pultsuan eginiko beira puztean jarduten den euskal artisau bakarra, eta Alex Gonzalez eltzegile bizkaitarra ariko dira jendaurrean.

Getxoko Eskulangintza Azokan parte hartuko dutenak kontu handiz aukeratu direla-eta, azoka anitza lortu da, aurtengoan parte hartzeko 330 eskabide jaso direlarik. Euskal eskulangileez gain, Aragoiko, Asturiaseko, Andaluziako, Kataluniako, Galiziako, Gaztela eta Leongo, Gaztela-Mantxako, Madrilgo eta Valentziako partaideak ere izango dira.

Gainera, Italiatik eta Portugaletik etorritako artisauek parte hartuko dute eta, lehenengo aldiz, Japoniako eta Iraneko profesionalak ere etorriko dira. Azken horiek ekialdeko eltzegintza eta gamelu hezurrez eginiko eta estilo persiarreko akuarelaz margotutako objektuak ekarriko dituzte azokara.

Ohi bezala, lehiaketak ez dira faltako azokan. Batetik, eskulangileen lana sarituko da eta, bestetik, produktuak aurkezteko duten modua ere sarituko da diseinu eta stand lehiaketetan. Ekimen horietan islatzen da urtez urte produktuen kalitatea eta euren postuen aurkezpena eta apaindura hobetzeko eskulangileek egiten duten ahalegina. Horrekin batera, urtero erosleen artean egiten dugun zozketa ere egingo da aurten eta zerbait erosten duten bisitarien artean eskulanak zozketatuko dira.

Contenido patrocinado