Getxoko 33. Antzerki Jardunaldiek hamar ikuskizun eskainiko dituzte

Actualizado: jueves, 8 octubre 2015 10:56

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

   Getxo (Bizkai) euskal antzerki ekoizpenaren erakustoki bilakatuko da berriro ere 33. Antzerki Jardunaldiekin, larunbat honetatik, urriaren 10etik, hilaren 18ra bitartean. Aurten, genero guztietako eta publiko mota guztientzako hamar antzezlan eskainiko dituzte beste horrenbeste euskal antzerki taldek. Horrez gain, iaz gertatu zen moduan, Antzerki Arina atala ere egingo da, eta bertan, gehienez 20 minutu dirauten beste hamar ikuskizun antzeztuko dira.

   Antolakuntzak jakinarazi duenez, programatutako hamar lanetatik lau haurrentzako dira, beste hiru helduentzat, eta gainerakoak adin guztientzat. Pasa den urtean bezala, saioak bi agertokitan izango dira: Algortako San Nikolas plazak kaleko ikuskizunak hartuko ditu eta gainerakoak, Andrés Isasi Musika Eskolan izango dira.

   Helduentzako eskaintzak honako muntaia hauek hartuko ditu: "Barro rojo", Javi Liñera aktore eta antzerkigilearen azken lana, erabateko estreinaldia jardunaldietan, konzentrazio esparru bateko gay preso baten bizipenak kontatzen dituen istorio gordina; "Tipos de tipas", antzerkiaren munduko isilpeko kontuen inguruko lana; eta "Kreditua", bankuak kreditua ukatu dion gizon baten istorioa.

   Adin guztientzako kale antzerkia ez da faltako Getxon: "Gelajauziak", dantza muntaia bizia; "El suceso", ilusionismo psikologikoaren ikuskizun elkarreragilea; eta "mOrse", dantza, zirkoa eta antzerkia uztartzen dituen antzezkizuna.

   Haurrek bi kale ikuskizunez gozatzeko aukera izango dute: "Astokillo zirkus", aktoreen lana eta tamaina handiko txotxongiloak agertokian elkartzen dituena, eta "Kolore" pailazo ikuskizuna. Gainera, umeentzako eskaintza, "Pulgarcito" Perraulten ipuin klasikoaren moldaketa eguneratuak eta "Pinotxo Txikia" Carlo Collodiren pertsonaia ospetsuan oinarritutako operak borobilduko dute.

ANTZERKI ARINA

   Halaber, aurten, Antzerki Arina atala sartu da berriro jardunaldien egitaraua. Gehienez 20 minutu dirauten hamar muntaia antzeztuko dira Algortako Kultur Etxean, urriaren 11ean eta 18an. Saioak 18:30ean hasi eta 21:00ak arte iraungo dute. Parte hartuko duten aktoreak jarduera luzeko artistak eta zenbait euskal antzerki taldeetako kideak dira, besteak beste, Ane Picaza, Aitor Fernandino edota Pako Revueltas.

   Azkenik, 33. Antzerki Jardunaldiek Getxoko Udalak abiarazitako Zurrumurruen Kontrako Estrategiak hedatzen dituen balorei atxiki zaizkie eta, horren bitartez kultura arteko eta estereotipo negatibo edo aurreiritzirik gabeko Getxo baten aldeko apustua egingo du. Hori dela eta, Andres Isasi Musika Eskolan izango diren helduentzako ikuskizunen aurretik bakarrizketak antzeztuko dira.