Getxoko (Bizkaia) Ludotekak jarduera bereziak antolatu ditu 10 eta 11 urteko umeentzat larunbat arratsaldeetarako

Actualizado: jueves, 13 octubre 2011 16:37

BILBO, 13 Oct. (EUROPA PRESS) -

Getxoko Udalaren (Bizkaia) Ludotekak 10 eta 11 urteko umeei zuzendutako jarduera bereziak antolatu ditu larunbat arratsaldeetarako urriaren 22tik aurrera. Lehen jarduera urriaren 15erako zegoen aurreikusita, baina, zenbait arazo tarteko, bertan behera geratu da.

"Zure bizitzako zapaturik onenak" goiburuko ekimena da aurtengo berritasuna. Helburua 10-11 urte haurrak Ludotekara joatera animatzea da, eta horretarako egokiak izan daitezken jarduera bereziak izango dira larunbat arratsaldeetan, 17:00etatik 20:00etara. Gainontzeko egunak txikiagokoentzat geratzen dira, hau da, astelehen, asteazken eta ostiralak 5 eta 6 urtekoentzat, eta astearte eta ostegunak 8 eta 9 urtekoentzat, 17:00etatik 20:00etara.

Getxoko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, lehenengo bi larunbatetan, urriaren 22an eta 29an, sarrera irekia izango da txikiek zerbitzua ezagutu dezaten, eta hortik aurrera, hau da, azaroaren 5etik aurrera, umeek Ludotekan izena emanda eduki beharko dute bertara sartzeko.

Jarduera urriaren 22an jarriko da martxan ziberjaia eta meriendarekin; urriaren 29an skate ikastaroa izango da; azaroaren 5ean skate parke batera joango dira; azaroaren 12an bisita egingo dute Algortako Gauegun Gaztelekura; azaroaren 19an zinea izango da; azaroaren 26an eskulanen tailerra; abenduaren 3an irteera bat antolatu dute; abenduaren 10ean sukaldegintzako tailerra izango da eta abenduaren 17an irteera egingo dute Haurren Gabonetako Parkera. Izena emateko Ludotekan bertan galde dezakete interesatuek edo 94 466 03 55 telefono zenbakira deitu.

Bestalde, Ludotekak udan eskaintzen duen zerbitzua 145 umek erabili zuten, 1.150 aldiz, joan den ekainaren azken astetik abuztuaren 31ra bitartean. Zerbitzua goizez izan zen eta horretarako Udalak hirugarren ludotekaria kontratatu zuen. Guztira, 46 egunetan egon zen irekita Ludoteka, eta 22tan bete egin zen.