BILBO 17 May. (EUROPA PRESS) -
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Imanol Landa Getxoko alkateak udalerriko Elkartegia inauguratu dute gaur. Areetako merkatu zaharrean dago, eta dagoeneko 12 enpresa sortu berri ari dira lanean bertan. Enpresa horiek 13 modulu hartu dituzte, Elkartegiak dituen 22 moduluetatik.
Eraikinean kokatuko diren enpresa-proiektuak lehentasunez sektore teknologiko eta berritzaileei lotutakoak izango dira, hots, telekomunikazioak, ingeniaritza, informatika, aeronautika, fotokonposizio aurreratua, diseinua, ikus-entzunezko teknologia edo bioteknologia, besteak beste. Ekonomia sustatzeko udal zerbitzuen egoitza ere eraikin horretan dago, bai eta KZGunea eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa ere.
Inaugurazio ekitaldian Bilbaok azpimarratu du ekipamendu berrian islatzen direla Bizkaiko Foru Aldundiak darabilen politika ekonomikoari lotutako hiru kontzeptu: berrikuntza, dinamizazioa eta ekintzailetza. Gainera, Getxoko Elkartegiak enpleguaren sorkuntzan eta jarduera ekonomikoan orain arte izan duen eta aurrerantzean ere izango duen eragina nabarmendu du.
"Bi urte eta lau hilabete daramatza lanean, eta bitarte horretan 6,2 milioi euro inbertitu ditugu Elkartegian. Honezkero, inbertsio horri esker 15 enpresari eman diegu lana eta zuzenean 120 lanpostu sortu dira bide horretatik. Enplegatutako 120 pertsona horiei gehitu behar dizkiegu dagoeneko eraikinean kokatutako 12 enpresetan diharduten langileak eta oraindik hutsik dauden moduluetan etorkizunean lan egingo dutenak. Guztira, espero dugu babesa ematea 21 bat enpresa berritzaileri. Berrikuntzarekin zerikusia duten sektoreetako enpresak direnez, etorkizun ederra dute", azaldu du.
Une honetan, Elkartegien foru sareak bulego eta lantegietarako 334 modulu ditu, eta dagoeneko mila pertsona ari dira lanean modulu horietan. "Jarduera ekonomikoari eta enplegu-sorkuntzari eman diegun bultzadaren aurpegia eta begiak dira mila pertsona horiek", gaineratu du.
Getxoko Elkartegiak bost solairu eta sotoa ditu eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Getxoko Udalaren artean banatu da erabilera, bi alderdiek Elkartegia sortzeko sinaturiko lankidetza akordioaren bitartez.
ERABILERA ETA INGURUMENA
Elkartegiaren eraikuntzan oso kontuan hartu da haren erabilera eta ingurumenaren errespetua bateragarriak izan behar direla. Hori dela eta, diseinuan argi naturala argiztapen elektrikoarekin koordinatu da, ahalik eta ondoen baliatzeko, eta airea girotzeko instalatu den sistemak lurpetik ateratako energia geotermikoa erabiltzen du; horretarako 24 zunda jarri dira, bakoitza 110 metro sakon, eta %30eko energia aurrezpena lortzen da.
Sotoko garajean 30 ibilgailurentzako lekua dago. Halaber, sotoan daude geotermia gelak, kontagailuak eta higiezinari zerbitzu ematen dioten beste ekipamendu tekniko batzuk.
Elkartegia bera bigarren, hirugarren eta laugarren solairuen eta atikoaren artean banatuta dago; Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen ditu solairu horiek. Seina modulu dituzte, bakoitza 65 metro karratukoa, eta bina bilera gela, atikoak izan ezik, bertan 45 metro karratuko lau modulu daude eta.
Moduluok eskuratzen dituzten enpresek errentamendu araubidea izango dute, gehienez bost urtez, baina epea luzatu ahal izango da sustatzaileen eta Aldundiaren arteko akordioen bidez, urtebeteko bi alditarako, gehienez ere.
Beheko solairua eta lehenengo solairua Getxoko Udalak erabiltzen ditu, toki erakundeak eta Bizkaiko Aldundiak hitzarmena sinatu baitute Udaleko ekonomia sustapeneko arlo osoa eraikinean kokatzeko. Hala, bi solairu horietan atondu dira erabilera anitzeko gela bat, KZGunea, prestakuntzarako lau gela, enpresa proiektu berrientzako eremu bat, bilera gela bat eta bulego bat, eta, horretaz gainera, Areeta-Erromoko Herritarrentzako Arreta Bulegoa (HAB) ere bertan dago.
Leku fisikoen eskaintzaz gain, Udaleko Ekonomia Sustatzeko Arloak helburutzat ezarri du Getxoko jarduera ekonomikoa eta enplegua biziberritzea, enpresen, merkataritzaren, turismoaren eta pertsona ekintzaileen mesedetan, eta berrikuntza sustatzea. Zentro berria topagune bihurtu nahi da, profesionalizaziorako, elkarlanerako eta etorkizunera begira enpresak sortzeko ildo berriak jorratzeko biltokia.
Getxoko Elkartegia sortzeaz batera, Ogoño kalea berriro urbanizatu da, oinezkoentzako eremu bilakatu da, jesarlekuak jarri eta berdegune bat sortu da bertan.