Getxoko talde eta kirolariek 835.000 euro jasoko dituzte aurten Udalaren diru-laguntzetan

Getxo Kirolak-ek aurtengo diru-laguntzen berri eman du
GETXOKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 22 febrero 2012 13:15

BILBO 22 Feb. (EUROPA PRESS) -

Getxo Kirolak erakundeak udalerri bizkaitarreko talde eta kirolariek diru-laguntzak eskatzeko epea zabalduko du ostiral honetan, otsailaren 24an. Guztira, 835.000 euro emango ditu diru-laguntzetan, kiroletako elkarteei euren ohiko ekintzetan laguntzeko (ekintzen antolaketa, lokalen alokairua, ohiko gastuak) eta banakako txapelketatan parte hartzen duten goi mailako kirolariak laguntzeko.

Alvaro Gonzalez Getxoko Udaleko Kirol zinegotzia pozik azaldu da "emango diren zenbatekoek klubek euren ekintza baldintza egokietan egiten jarraitzea ziurtatzen dutelako eta, aldi berean, kirol gestio modelo arduratsu eta jasangarri bat bermatzen dutelako, kontuan izanda denok ezagutzen dugun egoera ekonomikoa".

Aurreko urteetan ez bezala, aurten diru-laguntza guztiak deialdi bakarrean bildu dira. Horretarako, zazpi ardatz ezarri dira: oinarrizko kirolaren sustapenerako Getxo Kirolak-ekin hitzarmen bat adostuta duten tokiko kirol eskolak (285.000 euro); denboraldiko lehiaketetan parte hartzen duten klubak eta bakarkako probetan parte hartzen duten kirolariak (340.100 euro); amaierako faseetan parte hartzeagatik eratorritakoak (20.000 euro); kirol ekitaldien antolaketa udalerrian (100.600 euro); bertako kirol tradizionalak (80.900 euro); arrisku handiko eta abenturazko kirolak (5.000 euro); festetako kirol ekintzak (3.400 euro).

Gainera, Getxoko Udalak beste 20.000 euro zuzenduko ditu entrenamenduetan 8 eta 12 urte bitarteko umeek euskara erabiltzea sustatzen duten klub edo elkarteentzako.

Laguntza hauen ematea hainbat irizpideren araberakoa da, besteak beste, emakumeen kirolaren sustapena, pertsona elbarrituentzako ekintzen antolaketa eta kluben inplikazioa udalerriko kirol politikan eskola kirol programetan parte hartuz.

Interesatutako klub eta pertsonek deialdi honetako oinarriak eta eskariak egiteko epeak Getxo Kirolak erakundearen webgunean aurki ditzakete (http://getxokirolak.getxo.net).

Contenido patrocinado