Getxoko Udalak bat egin du Batxilergoa eta Lanbide Heziketa euskaraz egiten jarraitzera animatzeko kanpainarekin

Actualizado: jueves, 17 febrero 2011 12:55

BILBO, 17 Feb. (EUROPA PRESS) -

Getxoko Udalak (Bizkaia) eskuorri bana bidaliko die datozen egunetan udalerriko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) laugarren mailako 756 ikasleri, beren ikasketak Batxilergoan eta Lanbide Heziketan euskaraz egiten jarraitzera animatzeko helburuarekin. Ekimena Alkarbide Bizkaiko Euskara Zerbitzuen bilguneak koordinatutako "Nahi dudalako!" kanpainaren barruan dago.

Kanpaina horretan, Bizkaiko 16 udalek eta hiru mankomunitatek hartzen dute parte. Helburua, DBHko laugarren mailan ari diren gazteei Batxilergoko edo Lanbide Heziketako ikasketak euskaraz jarraitu ahal izateko informazioa ematea eta hori www.nahidudalako.com webgunean ikusgai dagoela jakinaraztea.

"Gazteei erakutsi nahi dizkiegu ikasketak euskaraz egiten segitzeak eskainiko dizkien abantailak eta aukerak", adierazi du du Koldo Iturbe Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuko zinegotziak.

Eskuorriak www.nahidudalako.com webgunearen berri emango die gazteei, hori baita kanpainaren ardatz nagusia. Webguneak egungo heziketako eskaintza eta inkesta bat betez gero sariak (netbook bat, egun osoko multiabentura ekintzak zazpi lagunentzat, sakeleko telefono bat, argazki Kimera bat eta musika eta liburuak erosteko bonoak) eskuratzeko aukera edukitzeaz gain, berritasun batzuk ditu aurten, tartean bilatzailea eta testigantzen atala.