Getxoko Udalak eta gizarte-erakundeek sinatutako hainbat hitzarmenek 113 lanpostu sortuko dituzte

Actualizado: miércoles, 16 febrero 2011 15:19

BILBO, 16 Feb. (EUROPA PRESS) -

Getxoko Udalak (Bizkaia), Getxo Lan In proiektuaren harira, 2015 arte 113 lanpostu sortuko dituzten hainbat hitzarmen sinatu ditu Emaus, Peñascal Fundazioa, Gaztaroa-SARTU elkartea, Koopera eta Lantegi Batuak gizarte-erakundeekin.

Imanol Landa Getxoko alkateak adierazi duenez, hitzarmen hauek azken urte hauetan egindako elkarlan publiko-pribatuaren eredu dira eta horien helburua da zailtasun bereziak dituzten pertsonei (45 urte baino gehiago dituztenei, langabezian denbora luzez egon direnei, familiko ardura duten emakumezkoei) lan munduan sartzeko aukerak ematea.

Getxolan Ekonomia Sustapenerako eta Enplegu Zerbitzuen bitartez, Getxoko Udalak udalerrian ekonomia sustatzeko eta enplegua sortzeko lan egiten du, enpresei, entitatei eta herritarrei zuzendutako hainbat ekimen bultzatuz. "Horretarako -gogoratu du Landak-, udalerriko dinamizazio ekonomikorako bost milioi euro baino gehiago bideratzeaz gain, Getxolan zentroko aurrekontua eta kudeatzeko baliabideak bultzatu ditugu".

Zentroaren jarduera trebakuntza eta enpleguarekin zerikusia duten entitateekin elkarlanean egiten da eta, horien artean, laneratzeko zailtasun handiak dituzten pertsonak laguntzen dituzten erakundeekin. Izan ere, gizarte-eragileekin eratutako sareko lana elementu garrantzitsua da bertoko garapena sustatzeko proiektuak martxan jartzeko eta, bide batez, Getxon gizarte kohesioa lortzeko laguntzeko.

Horrela, Emaus-ek "GetxoBizi" bizikletak alokatzeko zerbitzua kudeatzen du, bigarren eskuko produktuen denda dauka eta laster inauguratuko den "Mugikortasun Jasangarrirako Zentroa-CEDEMOS" proiektua bultzatzen du. Bere bozeraimale Jose Manuel Gomezek era honetako hitzarmenen garrantzia azpimarratu du, "egoera horretan dauden pertsonen baloreak indartzen dituztelako, laneratzen lagunduz, eta berrikuntza esperientzia berrietan haztegi bihurtzen direlako".

Halaber, Peñascal Fundazioak "Peñascal Servicios de Hosteleria" ekimena sustatzen du, Fadurako jantokiaren ustiapenaz eta bertoko ostalaritzako trebakuntza zentroaz arduratuz. Gaztaroa-SARTU elkarteak Fadurako "Txikigunea" eta "Euskal PostalRed" Getxon egoitza duen korrespondentzia eta mezularitzako laneratze enpresa kudeatzen ditu.

Gainera, Koopera Gizarte Sarea S. Koop. irabazi asmorik gabeko gizarte-sarea da, batez ere gizarte-ekimenek eta laneratze enpresek osatzen dutena. Getxon, besteak beste, bigarren eskuko bi jantzi-denda eta Berohi enpresarekin jantzien bilketa kudeatzen dituzte.

Azkenik, Lantegi Batuak elkarteak Bizkaian minusbaliotasunak dituzten pertsonak laneratzen dihardu, eta Ereagako igogailua kudeatzen duen elkartea da. Laster Andra Marin digitalizazio zentroa ere zabalduko du.