Getxoko XXIX. Antzerki Jardunaldiak hasiko dira bihar eta hamar muntaia eskainiko dituzte hilaren 23ra arte

Hortzmugak "Libertia" aurkeztuko du Getxon
GETXOKO KULTUR ETXEA
Actualizado: jueves, 13 octubre 2011 12:13

BILBO, 13 Oct. (EUROPA PRESS) -

Getxoko (Bizkaia) Antzerki Jardunaldiak 29. ediziora iritsi dira aurten eta, beste behin, euskal antzerki ekoizpenaren erakusketa bat eskainiko du. Bihar, urriaren 14an, hasi eta hilaren 23ra arte, Algortako Geltokia plazan, Andres Isasi Musika Eskolan eta Areetako Geltokia plazan izango diren agertokiek hamar muntaia eskainiko dituzte, haietako sei haurrentzat.

Jardunaldien egitarauak zaletasun guztiak asetzea du helburu eta genero anitzak bilduko ditu, adin guztientzat, aire zabalean zein estalpean, euskaraz eta gaztelaniaz, Getxoko Kultur Etxeko iturriek jakinarazi dutenez.

Getxoko XXIX. Antzerki Jardunaldietatik igaroko diren taldeak, Gaitzerdi, Malas Compañías, Organiks, Hortzmuga, Kukubiltxo, Markeliñe, Trapu Zaharra, Coloniales y salazones, Hipo eta Tomax eta Agerre Teatroa dira.

Bi astetan zehar hainbat motako ikuskizunak izango dira. Kalean, Shakespearen unibertsora era originalean gerturatzen den "Udamina" ikuskizuna eta "Anomalía magnética" gizartearen porrota ardatza duen lana izango dira ikusgai. Halaber, "Hienas rellenas" obra barregarriak zoritxarrean bizi diren hiru pertsonaien istorioa kokatuko du, eta "MANIAtic@s" lanak antzerkia eta umorea uztartuko ditu.

Haurrentzako eskaintzari dagokionez, bi txotxongilo lan izango dira: "Libertia" eta "Leihotik mundura". Lehenengoak, helduentzat ere egokia, bidaia fantastikoa proposatzen du; bigarrenean, poesia eta umorea uztartzen dira. Pailazoak ere ez dira faltako "Beldurraren etxea" lanari esker eta, azkenik, "¿Quién ha visto a Dulcinea?" antzezkizun originalak On Kixoteren pasadizo ezagunenetako batzuk moldatu ditu haurren gozamenerako. "Oilaskotxea" eta "Camping Renove" adin guztientzako kale ikuskizunek osatuko dute jardunaldien eskaintza.

Andres Isasi Musika Eskolako emanaldiak ordaindu egin beharko dira, eta sarrerak, BBKren orotarako kutxazainetan, www.bbk.es web-orrian, Algortako Kultur Etxean, aretoan bertan ikuskizuna hasi baino ordu bat lehenagotik, eta 944 310 310 eta 944 914 080 telefonoetan erosi daitezke. Gainontzeko emanaldietarako sarrera doan izango da.