Getxoko XXVI. Nazioarteko Folk Jaialdia irailaren 9tik 12ra ospatuko da

Getxo Folk 2010eko kartela
GETXOKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 1 septiembre 2010 15:42

BILBO 1 Sep. (EUROPA PRESS) -

Getxoko XXVI. Nazioarteko Folk Jaialdia irailaren 9tik 12ra ospatuko da eta, munduko musiken eskutik, beste herrialdeak, kulturak eta jendea ezagutzea ahalbidetuko dute.

Jaialdia gaur goizean aurkeztu dute Bilbon Jon Iñaki Zarraga Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariak, Josu Loroño Getxoko Udaleko Komunikazio arduradunak eta Marta Herrera jaialdiaren zuzendariak.

Oysterband talde mitikoa izango da Getxo Folk jaialdia hasteko arduraduna irailaren 9an. Britainia Handiko folk rockeko talde ospetsuenetariko bat da Oysterband. Bere herrialdeko musika tradizionalean sustraitutako soinuen eta pop eta rock erritmoen arteko fusioan aitzindaria den boskote honek ibilbide luzea egin du, estudioko 12 disko eta mundu osoan zehar egindako emanaldiekin.

Irailaren 10ean, festa balkanikoaren txanda iritsiko da, Mahala Raï Banda taldearen eskutik, hau da, Bukaresteko behe auzoetatik sortutako talde errumaniarra. Bertan, hamaika herri ospakizunetan aritutako gazte musikariek eta haize-banda militarretan ikasitako artista beteranoek bat egiten dute, soinu tradizionalak ska, reggae edo funk soinuak uztartzen diren musika-nahasketa harrigarria sortzeko.

Jaialdia erdialdera iritsiko da irailaren 11n, edizio honetako emanaldirik garrantzitsuenarekin: Ladysmith Black Mambazo. Hegoafrikako talde ospetsua Getxora iritsiko da bertako musika tradizionalaren erritmo eta armonia nahaspilatsuak gerturatzeko, gospel musikaren soinuekin eta sentimenduekin aberastuta. Emaitza mundu osoko publikoa hunkitu duen "alkimia musikala eta espirituala da", paisaia erlijioso, kultural eta etnikoaren txoko bakoitza irudikatuz.

Azkenik, irailaren 12an, Portugaleteko Xabi Aburruzaga trikitilariak bukatuko diu aurtengo Getxo Folk jaialdia, "Denboraren naufrago" azken lanaren aurkezpenarekin. Saioan gonbidatutako hainbat artistarekin batera arituko da, besteak beste, Oskorri taldeko zenbait kiderekin (Antton Latxa eta Natxo de Felipe), Mikel Markezekin, Amaia Orejarekin eta Oreka TX txalapartarien bikotearekin.

Bestalde, arratsaldeko kontzertuek bere filosofiarekin jarraituko dute, alegia, nazioarteko panoraman oso ezagunak ez izan arren, kalitate handia duten taldeei mugak irekitzea. Aurten, publikoak honakoen musikaz gozatu ahal izango du: Extremadurako Barrunto Bellota Band; Gaizka Baena euskal gitarristaren flamenko-fusio proiektua; La Bruja Gata saltsa talde madrildarreko jai kutsuko erritmoak eta, azkenik, Mexikoko Efelseon bandaren soinu latindarrak eta afro eta karibetarrak.

Gauez, Munduko Terrazan, artista eta talde gazteen saioei txanda iritsiko zaie. Aurten, aipatutako eszenatokiak, Judith Mateoren eta Sevillako La Selva Sur banda hartuko ditu. Eszenatoki gaineko musika proposamena osatzeko, haur kontzertu didaktiko bat eskainiko da, Areetako Andres Isasi Musika Eskolako Bandaren eskutik, txikienak estimulatzeko eta musika munduratz erakartzeko helburuarekin.

Jaialdia elkarren artea gertu dauden bi leku desberdinetan garatuko da. Alde batetik, Erromoko Santa Eugenia kaleko karpak arratsaldeko saioak, Munduko Terraza eta haur jarduerak hartuko ditu barne; Areetako Geltoki Plazan, berriz, kontzertu nagusiak antolatuko dira, baita Munduko Merkatua eta Bidezko Merkatua ere.

Kaleek ere Getxo Folk 2010 jaialdiaren eszenatoki bat osatuko dute kaleko bandei esker. Horiek, aurten, Bavieratik, Eskoziatik, Salamancatik eta Asturiasetik etorriko dira eta musika hiri-gune osotik zehar zabalduko dute eguneroko desfileen bidez.

MERKATUAK

Beste jarduerei dagokienez, publikoak Bidezko Merkatua bisitatu ahal izango du, alegia, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko bidezko merkatua sustatzen duen ekimena, hainbak GKEren lankidetzarekin antolatuta.

Bestalde, Munduko Merkatua puntu erakargarria izango da herrialde desberdinetan egindako artisau-produktuak gustatzen zaizkien bisitarientzat. Koan elkartea arduratuko da produktu horiek guztiak Getxora gerturatzeaz.

Azkenik, Euskadiko Munduko Medikuak elkarteak antolatutako Munduko Terrazak aukera ezin hobea izango da beste kulturetako gastronomiaz gozatzeko, musika ona entzuten den bitartean.

Contenido patrocinado