Getxophoto jaialdiaren bederatzigarren edizioa ostegunean hasiko da

Actualizado: martes, 1 septiembre 2015 13:54

BILBO, 1 (EUROPA PRESS)

   Getxophoto Nazioarteko Argazki Jaialdiaren bederatzigarren edizioa hasiko da datorren ostegunean, irailaren 3ean, Begihandi kolektiboak antolatuta eta "Bidaiak" gaiari arreta emanez. Jaialdia Getxon (Bizkai) egingo da urriaren 4a arte.

   Jarduera nagusiak lehenengo asteburuan bilduko dira, irailaren 3tik 6ra bitartean, hain zuzen. Egun horietan "Opening" izeneko inagurazio ofiziala egingo da eta bertan Christian Caujolle komisarioa, egile parte hartzaileak eta ekitaldiari musika jarriko dioten Gari eta Jon Agirrezabalaga (We Are Standard) musikariak egongo dira. Halaber, "Encerrona" delako hausnarketarako jardunaldia ere egingo da, eta Algortako gune ezberdinetan gaueko proiekzioak izango dira.

   Oraingoan, nazioarteko 20 egile baino gehiagok "Bidaiak" gaiaren inguruan duten ikuspuntua eskainiko dute, eta, beste urte batez, esparru publikoa erabiliko dute euren argazkiak erakusteko. Christian Caujolle Getxophotoren zuzendariaren arabera, hiru dira jaialdiaren ezaugarri nagusiak: jarduera artistiko bat egiteko esparru publikoaren erabilera, publikoarekin sortzen den elkarreragina eta erakusten diren joera anitzak.

   Ereaga hondartzatik Algortako Portu Zaharrera doan ibilbidean bilduko dira lanak batez ere, eta auzoaren goiko partean, erakusketa aretoetan eta eraikin publikoetan ere egongo dira ikusgai. Egitaraua "sendoa eta aberatsa" izango dela ziurtatu du Getxophotoren zuzendari Jokin Aspuruk.

   Halaber, Elena Coria Getxoko Udaleko zinegotziak adierazi du Getxophoto "guztiz bat" datorrela Udal Gobernu Taldeak jarduteko dituen ildo estrategikoekin, eta Getxoko jarduera kultural berriaren helburuetako bat krisialdiaren aurrean "kultura garapenerako aukera bezala sendotzea" dela gogorarazi du.

   "Horretarako ekarpen kulturalaren aldeko apustua egiten dugu, hala nola 'Getxo' markak duen erakargarritasuna eta jarduerak aurrera eramateko elkarlan publiko-pribatuaren aldekoa. Getxophoto Begihandi elkarte antolatzailearen eta Udalaren beraren arteko kolaborazio arrakastatsuaren adibide garbia da", azaldu du.