GI-632 errepideko Antzuola-Bergara tarteko ezpondetako bat konpontzeko lanak uztailean hasiko dira

Actualizado: martes, 2 junio 2015 13:27

DONOSTIA, 2 (EUROPA PRESS)

   GI-632 errepideko Antzuola-Bergara tarteko ezpondetako bat konpontzeko lanak uztailean hasiko dira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak tarte horretan izandako luizi baten ondorioz sortutako arazoak konpontzeko prozedura abian jarri ondoren.

   Obra horietako ezponda batean, lur erauzketa ia bukatua zegoela, haustura orokorra gertatu zen iaz, eta ezponda osoari eragiteaz gain, mikropilotezko pantailaren zati bat ere suntsitu zuen. Horrela, eta obra hori une honetan geldirik dagoela kontuan hartuta, Aldundia aztertzen aritu da ezponda hori egonkortzeko lanak gainerako lanekin batera egiteko utzi edo aurreratu, eta erabaki du lan horiek aurreratu egin behar direla, lehenbailehen egonkortzeko.

   Hori dela eta, astearte honetan egindako Diputatuen Kontseiluak lan horiek egiteko proiektua onartu du eta esleipen prozedura martxan jarri du. Premiazko prozedura erabilita egingo da esleipena eta lanak uztaileko lehenengo hamabostaldian hastea espero da. Lanen gehienezko aurrekontua 3.280.481 euro (BEZ barne) izango da, eta lanak egiteko epea sei hilabetekoa.

   Proiektuari dagokionez, lur erauzketan hausturak ukitu ez duen zatia sendotu egin beharko da. Gainera, lerratutako materialak kendu egin beharko dira, eta geratuko den eremua egonkortu. Lan horiek proiektuan jaso dira, eta lur erauzketa egonkortzeko irtenbide misto bat gauzatzea aurreikusi du: "rocky wall" (harri lubeta eta pedraplen motako materialez osaturiko betelana) motakoa bermaren behealderaino, eta 100  eta 150 tonako zerbitzu kargako ainguratzeak bermatik gora.