GI-632 errepideko obretan lan hitzarmenaren betetzea kontrolatzeko sistema bat jarri du Gipuzkoako Aldundiak

Ugarte eta sindikatuetako ordezkariak
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 20 octubre 2014 13:42

DONOSTIA, 20 Oct. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bidegi enpresa publikoak lanean jarraitzen dute sustatzen dituzten obra publikoetan segurtasun neurri guztiak eta langileen lan eskubideak bete daitezen, eta, zentzu horretan, lan hitzarmenaren betetzea neurtzeko sistema jartzea izan da hartutako azken neurria. Sistema GI-632 errepideko lanetako bi zatietan jarri da, hau da, Aldundiari dagokion Bergara-Antzuola zatian eta Bidegiri dagokion Antzuola-Urretxu zatian. Bidegik eta Gipuzkoako Aldundiak 50.000 euro inguruko inbertsioa egingo dute, bien artean, sistema ezartzeko eta datuen tratamendua egiteko.

Bi obra horietan lan hitzarmenaren betetzea kontrolatzeko sistema jarri da. Alde batetik, obra egiten ari diren enpresei eta azpikontratatutakoei langileen inguruko beharrezko informazio guztia eskatu zaie, indarrean dauden lan hitzarmenen betetzea aztertzeko, kontrolatzeko eta bermatzeko beharrekoa, eta bestetik, obran lanean ari diren langileentzat fitxatzeko makinak jarri dira; langileek identifikazio txartelak izango dituzte, obrara sartzean eta bertatik irtetean kontrol makina horietatik pasa beharko dituztenak.

Bai enpresek emandako informazioa eta bai obran kokatutako terminalen bitartez sartutakoa ere, VisualTime programarekin landuko da, eta aukera emango du datuak denbora errealean jasotzeko, enpresek emandako datuekin alderatzeko, lan hitzarmenekin alderatzeko, alertak ezartzeko ez betetzeen, plangintzarekiko desbideratzeen eta abarren inguruko abisuak emanez, txostenak ateratzeko, eta azterketak egiteko.

Sistema informatikoaren bidez ezarriko den kontrolaz gain, Aldundiak presentzia kontroleko mekanismo batzuk jarri ditu zaindarien bidez, eta hauek ziurtatu beharko dute obran dauden pertsona guztiek bertan egoteko baldintza guztiak betetzen dituztela. Zeregin horietan hamar pertsona arituko dira, bost obra bakoitzean, eta lan hori orain ere obretan aritzen diren zaindariek egingo dute.

GI-632 errepideko obretan ezarritako sistema berriaren aurkezpenean Larraitz Ugarte Mugikortasuneko diputatuak eta hainbat sindikatuetako ordezkarik hartu dute parte (LABeko ordezkari Alberto Cristobal eta CCOOko Iñaki Gonzalez egon dira, eta UGTko ordezkaria azaltzekoa zen, baina arazo bat medio ezin izan du azaldu); aurkezpenaren aurretik, obren Jarraipen Batzordea bildu da, Foru Aldundiak eta sindikatuek osatzen dutena.

Gipuzkoako obra publikoetan aitzindari den sistemaren aurkezpenean Ugartek azpimarratu du Gipuzkoako Aldundia "guztiz inplikatuta" dagoela langileen lan baldintzen defentsan, eta, adierazi du "behar beharrezkoa" dela erakundeen inplikazioa obra publikoa egiterakoan.