Giambolognaren "Merkurio hegalaria" izango da protagonista Bilboko Artelan Berreginen Museoan

Giambolognaren "Merkurio hegalaria"
BILBOKO ARTELAN BERREGINEN MUSEOA
Actualizado: martes, 25 enero 2011 13:52

BILBO, 25 Ene. (EUROPA PRESS) -

Giambolognaren (Jean Bolougne) "Merkurio hegalaria" eskultura izango da Bilboko Artelan Berreginen Museoaren pieza garrantzitsuenak ezagutzera bideraturiko "Artelana bere testuinguruan" zikloaren protagonista datorren ostegunean, urtarrilaren 27an, museoko iturriek jakinarazi dutenez.

"Artelana bere testuinguruan" egitarauaren helburua ikusleak artera hurbiltzea da, eskulturak aztertzen dituzten eta aztertutako artelan horiek museoan dauden gainerakoekin erlazionatzen dituzten bisiten bitartez. Kasu bakoitzean, museoan erakusgai dagoen pieza bat aukeratzen da, eta artearen zein historiaren ikuspegietatik aztertzen da. Hitzaldiak doakoak izaten dira eta arratsaldeko 18:00etan hasten dira.

Oraingoan, museoko Hezkuntza taldeak, Giambolognak egin zuen "Merkurio hegalaria" lana aztertuko du. Artelan hori, Cesi Kardinalak, Aita Santuak Bolognan zuen ordezkariak, aginduta egin zuen, Pio IV. Aita Santua jaio zen hiria berriztatzeko programako lanen barruan. Pier Donato Cesik, zeruetatik jaisten ari zen Merkurio jainkoaren irudia eskatu zion eskultoreari, zutabe baten gainean jartzeko, Bolognako Unibertsitateko sarreran. Irudi horrek, zeruetatik zetorren eta Jainkoaren opari gisa hartzen zen jakituria sinbolizatu behar zuen.

Azkenean, proiektua ez zen burutu, eta Medicitarrek ekin zioten berriro. Haiek, Francesco de Mediciren eta Austriako Juanaren arteko ezkontza zela eta, Maximiliano Enperadoreari egin beharreko opari diplomatiko gisa erabili zuten Giambolognak diseinaturiko Merkurioa.

"Merkurio hegalaria" XVI. mendeko eskultore horren artelan ezagunena da. Giambologna Douain jaio zen, Frantziako iparraldean, 1529an. 14 urte zituela Jacques Doubrouecq-en tailerrean sartu zen, bere aitak notario izan zedin emandako aholkuei kasurik egin gabe. 1550. urtearen inguruan maisuaren tailerra utzi eta Italiara joan zen eta, Erroman bi urte egin ondoren, Florentzian finkatu zen. Bertan, Bernardo Vecchietiren aginduetara hasi zen lanean. Bernardo Vecchieti mezenas handia eta Medici familiaren arte aholkularia zen.

1574an Florentziara heldu zenetik, Giambologna Francesco de Medici printzearen eskariak jasotzen hasi zen. Francesco de Medici printzea, Toscanako Duke Handi bilakatuko zen ondoren Cosme I. bere aitaren lekua hartuz. Giambolognak Medicitarrentzat egin zituen bere artelan ezagunenetakoak: "Florentzia garaile Pisaren gainean", Herkulesi buruzko lanen saila, "Ozeanoko Iturria" edo "Apeninoen irudikapena Pratolinoko lorategietarako".