GIB/hiesari buruzko on line ikastaro bat abiaraziko du EHUko Zuzenbide Fakultateak

Actualizado: viernes, 15 mayo 2015 11:57

DONOSTIA, 15 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zuzenbide Fakultateak "GIB/ihesaren alderdi juridikoak eta sozialak" izeneko on line ikastaroa jarriko du abian datorren irailetik aurrera. Helburua da, alde batetik, oinarrizko ezagutza ematea hiesa eragiten duen Giza Immunoeskasiaren Birusak (GIB) sortutako infekziotik eratorritako alderdi juridikoen inguruan, eta, bestetik, zuzenbidearen arlotik erantzun ahal izatea eragindako pertsonenganako eta haien ingurukoenganako edozein bereizkeriari, haien oinarrizko eskubideak zainduz eta betebehar pertsonalen eta kolektiboen aitorpena eskatzeari uko egin gabe.

   Ikastaroa Zuzenbideko, Kriminologiako, Gizarte Langintzako eta Lan Harremanetako ikasleentzat da batez ere, baina, formula horren (Unibertsitateko Ikasketa Osagarriak) asmoa da unibertsitateko titulu bat eskuratzeko aukera ematea goi mailako prestakuntzarik ez duten pertsona interesdunei, izan elkarte mugimenduaren bidez, izan GIB/hiesa duten pertsonak edo haien ingurukoak direlako.

   "GIB/ihesaren alderdi juridikoak eta sozialak" ikastaroan, EHUko irakasleek ez ezik (Zuzenbide Fakultatekoak eta Psikologia Fakultatekoak), hainbat ezagutza arlotako estatu osoko profesionalek parte hartuko eta lagunduko dute. Gainera, proiektuak gai horretan espezializatutako estatuko erakunde nagusien babesa du. Eusko Jaurlaritzako Hiesaren Prebentziorako eta Kontrolerako Planak emandako laguntzari esker sortu da ikastaroaren euskarri izango den plataforma birtuala.

   EHUko Zuzenbide Fakultateak aurki abian jarri nahi du Klinika Juridiko bat, justiziaren eta etorkizunean alderdi juridikoan edo kriminologikoan lan egingo duten Zuzenbideko eta Kriminologiako ikasleen aldaketa sozialaren aldeko konpromisoa indartzeko eta bideratzeko. Bada, horretarako abiarazi da egitasmo hau.