Gipuzkoa Encounter ostiralean hasiko da Tolosan eta 3.000 lagun inguru bildu nahi ditu

Gipuzkoa Encounter topaketaren aurreko edizio bat
INFOTRES
Actualizado: jueves, 16 marzo 2017 17:56

DONOSTIA, 16 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoa Encounter informatika topaketa ospatuko da asteburu honetan Tolosan, ostiraletik igandera bitartean, eta antolatzaileek 3.000 lagun inguru bildu nahi dituzte. Hamaikagarren urtez, Usabal kiroldegian egingo den festak digitalizazioaren aurrerapenak gerturatu nahi ditu gizartera eta industria sektorera, eta, berrikuntza sozial eta teknologikoa sustatze aldera, dibulgazio eta formakuntza ekintza mordoa izango dira, baita teknologiaren erabilera bultzatzeko jarduerak ere.

Euskaltel Konektak antolatutako festaren laguntzaile dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Ingurumeneko eta Lurralde Orekako Saila, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila, SPRIren bitartez, eta Tolosako Udala.

Horrela, 600 metro koadroko Opengune zona publikoari irekia egongo da, eta bertan stand teknologikoak, jokoak, hitzaldiak eta tailerrak izango dira, doan. Prestakuntza saioetan gai anitz jorratuko dituzte adituek, besteak beste, segurtasun informatikoa, 4.0 Industria edo sare sozialen erabilera komertziala. Gainera, txikiek robotikako tailerretan parte hartu ahal izango dute, eta adinekoek whatsapp erabiltzen ikasteko tailerra ere izango dute.

Iaz 2.000 pertsona inguruk bisitatu zuten Opengune, eta, beraz, 600 partaideak zenbatuz, 2.600 lagun ibili ziren Usabal inguruan. Aurten, berriz, bisitari kopurua handitzeko erronka jarri du antolakuntzak, ondo pasatzeko eta ikasteko ekintza ugariei esker. Ordenagailu postuen erreserba denbora ikusita -15 segundo iraun zituen soilik izena emateko epeak-, 3.000 pertsona inguru elkartzea espero dute antolatzaileek.

Bilkura babesten duten herri erakundeek, Euskaltel Konekta Fundazioarekin batera, elkarlan publiko-pribatua azpimarratu dute eta topaketaren datuak goraipatu dituzte: 15 kilometro kable eta segundoko 10 gigako Internet konexioa. Zifra horiei esker, Gipuzkoa Encounter Estatuko topaketa teknologiko azkarrenen artean kokatzen dela azpimarratu dute antolatzaileek.

Ekintzen artean, arte digital, programazio, bideojoko, software eta hardware txapelketak egingo dira. Modu horretan, partaideek pantailaren aurrean burutzeko jarduerak nahiz ordenagailutik kanpo eta elkar ezagutuz aritzeko aukerak izango dituzte hiru egunetan zehar. Elkarbizitza estu hori gauez ere gertatuko da, ehunka parte hartzaileek kiroldegitik hiru minutura dagoen Laskorain ikastolan ezarritako literetan lo egingo baitute.