Gipuzkoa ia 44.000 herritarrek konpostatzen dute beren materia organikoa

Zero Zabor sariak banatu ditu Aldundiak
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 24 noviembre 2014 14:16

DONOSTIA, 24 Nov. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoan gaur egun 43.837 herritarrek beren materia organikoa konpostatzen dute etxeko konpostagailuez edo auzokonpostatze sistemez, hau da, laster, agintaldi hasierako kopurua bikoiztu egingo da, 24.029 baitziren 2011n.

Datua Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak eman du gaur, 2014ko Zero Zabor Saria banatzeko ekitaldian. Usurbilgo Erreka Txikiko konpostagunean parte hartzen duten bost familiek jaso dute aurtengo Zero Zabor saria; Gipuzkoako lehen auzo konpostajea da Erreka Txikikoa (2011ko azaroaren 26an inauguratu zen).

Errazkinek esan duenez, hondakinen kudeaketa egoki baten gakoa materia organikoa da, eta horregatik, "eredugarritzat" jo ditu beren materia organikoa konpostatzen duten herritarrak, "ingurumenarekiko arduraz jokatzen eta baliabideak aurreztea ahalbidetzen baitute".

Jose Maria Rivadeneyra Usurbilgo Udaleko zinegotziak zoriondu egin ditu Erreka Txikiko bost familiak eta Zero Zabor norabidean jarraitzeko dei egin die.

Bestalde, Martin Garitano diputatu nagusiak Gipuzkoa Berriarekin lotu du Zero Zabor norabidea. Gipuzkoa "iraunkorra, solidarioa, arduratsua eta justua" egin nahi dutela nabarmendu du, eta aberastasuna banatu. "Zorrotz erabili behar dugu diru publikoa. Zerbitzu publikoak indartu behar ditugu. Ustelkeria borrokatu behar dugu. Politika iraunkorrak sustatu behar ditugu. Batzuk tematuta daude, oraindik ere, errezeta zaharrekin, baina herritarrek sortutako olatua geldiezina da", esan du.

Garitanok eskerrak eman dizkie, Erreka Txikiko auzokonpostaguneko familiei ez ezik, Zero Zabor norabidean parte hartzen ari diren gipuzkoar guztiei ere. "Gipuzkoa Berriak, hondakin alorrean, Zero Zabor du izena, eta aurpegia hondakinak gaika sailkatzen dituzten edo konposta egiten duten milaka eta milaka gipuzkoarren aurpegia da. Gero eta aurpegi gehiagok osatzen dute, gainera, irudi hori, eta pozgarria da, benetan. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, eskerrak eman nahi dizkizuet denoi", adierazi du.