Gipuzkoako Aldundia eta alderdi politikoak hondakinak kudeatzeko azpiegitura proposamena aztertzeko bilduko dira

Actualizado: jueves, 13 febrero 2014 13:48
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 13 (EUROPA PRESS)

   Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak gaur iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak otsailaren 24rako eta 26rako deituko dituela Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi politikoak (Bildu, EAJ, PSE-EE, PP eta Aralar), hondakinak kudeatzeko bere azpiegitura proposamena aurkezteko eta horretaz eztabaidatzeko.

   "Lehen harremana izatea nahi dut. Izan ere, espero dut talde politikoek arduraz jokatzea, proposamen hau serio aztertzea eta, modu eraikitzailean, ekarpenak egitea. Horrek aukera emango luke proposamena sakontzeko eta adostasunez aurrera eramateko. Adostasun garaia da; horixe eskatzen ari dira gipuzkoarrak", adierazi du.

   Horrela, alderdien arteko ika-mikak "alde batera uzteko" deia egin du, "denon artean, konponbide iraunkor eta arrazionala emateko hondakinen arazoari". Bilerak Foru Aldundiaren jauregian izango direla jakinarazi du.

   Errazkinek gaineratu du Gipuzkoako Aldundiaren proposamena "integrala" izango dela, "konponbidea" emango diola osorik hondakinen arazoari eta "zorrotz" beteko duela Europako Batasunaren araudia. "Gure proposamenak prebentzioa, berrerabilpena eta birziklapena izango ditu ardatz, eta beste eszenatoki batean jar lezake Gipuzkoa: zabortegirik gabeko egoera batean. Sasieta, Lapatx eta Urtetako zabortegiak itxi egin nahi ditugu, eta horixe jasoko du gure proposamenak. Horren aurrean eragile guztiek arduraz jokatu behar dutela uste dugu", azaldu du.

TOLOSALDEA

   Ibarran egin ditu adierazpenok Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak. Izan ere, Tolosaldean konpostajea sustatzeko "kanpaina indartsua" egiten ari da bertako mankomunitatea eta gertutik ezagutu nahi izan du Iñaki Errazkinek. Mankomunitateko ordezkariekin elkartu ondoren, Azkue auzoko ekarpen gunea ere bisitatu dute.

   "Tolosaldean lan ederra egiten ari zarete konpostaje arloan. Duela urtebete mila bat familiak konpostatzen zuten; kopurua bikoitza da gaur egun, eta kanpaina honekin, 3.500 familiarengana iritsi nahi duzue 2014an. Horrek esan nahi luke Tolosaldeko biztanleen %20ak parte hartuko lukeela ekimen honetan. Aurrerapauso izugarria da, herritarren konpromisoaren erakusle", adierazi du.

   Errazkinek gogorarazi du konpostajearen bidez hondakinen prebentzioa lantzen dela eta milaka tona materia organiko ohiko tratamendu katetik ateratzea lortzen dela oso baliabide gutxi erabilita.

   Bere hitzetan, "Europako Batasunaren hierarkian lehenbiziko maila da prebentzioa, eta funtsezkoa da eremu horretan eragitea. Hondakinik onena sortzen ez dena dela esan ohi da, eta konpostajean parte hartzen dutenek ondo dakite hori. Beraz, benetan Europako hierarkian sinesten badugu, mota honetako ekimenei eman behar diegu lehentasuna".

   Ildo horretatik, prebentzioarekiko eta konpostajearen aldeko politikekiko konpromisoa berretsi du, eta iragarri du 2014an Foru Aldundiak milioi bat euro bideratuko dituela, diru laguntzetan, hondakinen sorreraren prebentzioa sustatzera, hau da, iaz emandakoaren bikoitza.