Gipuzkoako Aldundia Udalbiltzaren nazio marka erabiltzen hasi da errepideetan

Aldundiko langileak kartel bat jartzen
Foto: GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: miércoles, 26 noviembre 2014 13:57
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 26 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskal Herriko hainbat leku esanguratsu adierazteko bederatzi seinale jarri ditu errepideetan, Udalbiltzak sorturiko nazio marka erabilita.

   Gipuzkoako Aldundiak eta Udalbiltza Partzuergoak hitzarmen bat sinatu zuten joan den uztailean, Udalbiltzak bultzatutako nazio marka foru erakundeak ere erabili ahal izateko. Horrela, hitzarmen hori jada hasi da lehen fruituak ematen, eta horien berri eman dute gaur Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak eta Larraitz Ugarte Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak.

   Aizpuruak azaldu duenez, Udalbiltzak "Euskal Herriko nortasun grafiko instituzionalaren eskuliburua" delakoaren lehenengo hiru atalak argitaratu zituen ekainean. Eskuliburu horren bitartez, Euskal Herria aintzat hartzen duen nortasun grafiko bateratu bat proposatzen zaie udalei, herri bakoitzeko irudi korporatiboarekin batera erabiltzeko. Horren helburua da gure nazioa identifikatuko duen marka bat bultzatzea, eta udaletatik zabaltzea gizartearen arlo guztietara.

   Eskuliburuan aplikazio ugari jasoko dira, baina Udalbiltzako hautetsiek lehentasuna eman diete udalerrietako sarrera eta irteera adierazteko seinaleei eta udaletxeetan erabili ohi diren paperei. Azken hilabeteetan, hainbat udalerrietan hasi dira nortasun grafiko berria aplikatzen, hala nola Aramaio, Zarautz, Hernani, Alegia, Usurbil edota Sopelan.

   Nazio marka honen diseinuen jabetza, erabilpen eta esplotazio eskubideak eta merkaturatze, erreprodukzio eta produkzio eskubideak Udalbiltza Partzuergoarenak dira, horien erabilpen edo esplotazioa hirugarrenei laga eta baimentzeko eskubidea duelarik. Horren harira, Aldundiak hitzarmena egitea proposatu zion Udalbiltzari, nazio marka hori Gipuzkoako errepideetako seinaleetan erabili ahal izateko.

   Larraitz Ugartek azaldu duenez, "Gipuzkoako Foru Aldundiak ikusi zuen Udalbiltza nazio markaren inguruan egiten ari zen lana oso interesgarria zela eta bat zetorrela Aldundiak, oro har, eta Mugikortasun eta Bide Azpiegitura Departamentuak, zehazki, egin nahi duen lanarekin, Euskal Herriaren nazio egitura indartzeko, herrien arteko saretzea lortzeko, euskal herritartasuna  bultzatzeko eta nazioartean ezagutarazteko, eta hain zuzen, horixe da hitzarmenaren helburua".

   Foru diputatuak azaldu du hitzarmenaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak baimena izango du Udalbiltzak bultzatutako nazio marka hori erabiltzeko bide azpiegituretako seinaleetan. Erabilera hori bi erakundeen artean zehaztuko da, eta elkarlanerako mekanismoak ezarri dira.

LEHEN FRUITUAK

   Hitzarmenak jada eman ditu lehen fruituak, Gipuzkoako Aldundiak, nazio marka hori erabilita, hainbat kartel jarri baititu eta jartzen ari baita lurraldeko errepideetan. Guztira bederatzi kartel izango dira, guztiak ere Gipuzkoako errepide nagusietan (N-1, A-15, AP-8 eta AP-1). A-15ekoak jada jarrita daude eta gainerakoak ondorengo egunetan jarriko dira.

   Gipuzkoako Foru Aldundiak errepideetan jarritako kartelak 4,9 x 5 metrokoak dira, eta bakoitzak hiru leku iragarriko ditu, Euskal Herriko leku esanguratsuak eta kasu askotan turistikoak.

   Ekimenaren kostuari dagokionez, hitzarmenak berak ez dakar erakundeen aldetik kostu ekonomikorik, Aldundiak ez baitio Udalbiltzari ordainduko nazio marka erabiltzeagatik. Hala ere, Aldundiak nazio marka horren zabalpenean lagundu nahi duenez, udalentzat 15.000 euroko aurrekontu sail bat ezarriko du 2015ean, udalek haien herrietan marka hori barnebiltzen duen bide seinaleak jar ditzaten. Halaber, Gipuzkoako errepide nagusietan kartelak jartzeko Aldundiak 91.500 euro inbertituko ditu (diseinua, inpresioa eta jartzea).