Gipuzkoako Aldundiak 1,1 milioi euro erabiliko ditu enpresatan langileen partaidetza sustatzeko

Imanol Lasa
GIPUZKOAKO ALDUNDIA
Actualizado: martes, 22 mayo 2018 12:59

DONOSTIA, 22 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoako Foru Aldundiak "Gipuzkoako enpresatan pertsonen partaidetza sustatzeko programa" ekimenari dagozkion urteko diru laguntzak onartu ditu astearte honetan, eta guztira, 1,1 milioi euro bideratuko ditu aurten. Enpresetan langileen partaidetza bultzatzea du helburu programak, eta joan den urtean 43 proiektu babestu ziren, 28 enpresaren parte hartzearekin.

Foru erakundea Gipuzkoako ekonomia ehunarekin elkarlanean partaidetzari lotutako dinamikak indartzeko garatzen ari den estrategiaren baitan elementu nagusietako bat da programa. Elementu hori giltzarritzat jotzen da "gure enpresa ehuna finkatzeko, bere lehiakortasuna areagotzeko, eta lurraldean sustraitzeko", Imanol Lasa Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak adierazi duenez.

Astearte honetan onarturtiko deialdiari dagokionez, 660.000 euro bideratuko dira enpresetan pertsonen partaidetzako antolakuntza ereduak bultzatzeko proiektuak finantzatzeko, eta 440.000 euro pertsonen partaidetzako antolakuntza ereduekiko enpresen garapena aldezten duen ekosistema bat bultzatzeko proiektuak finantzatzeko.

Diru laguntzen xede diren jarduketak eskaera egin ondoren hasi behar dira, urte naturalaren barruan, eta 2019ko ekainaren 28rako bukatu. Eskaera orria eta dokumentazioa web orri honetan eskuragarri izango dira: http://sustapena.gipuzkoa.eus/kudeaketa.

Aipatutako lehen lerroan, diruz lagunduko dira Gipuzkoako enpresetan pertsonen partaidetza ezartzeko prozesuak (%75ean babestu ahal izango dira). Bigarrenean, berriz, partaidetza bultzatzea helburu duten proiektuak babestuko dira.

Imanol Lasak Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak azaldu duenez, enpresa bakoitzaren egoera ezberdina da, eta horren arabera definitu behar du bakoitzak bere ibilbide orria. Hala eta guztiz ere, dei egin die langileen partaidetzaren alde egin dezaten, bai kapitalean, bai kudeaketa eta erabakiak hartzeko prozesuetan. Apustu hori ezinbestekotzat jo du "erabakitze guneak Gipuzkoan mantentzeko".

"Eraldaketa prozesu honek sekulako garrantzia dauka talentua sustraitzeko eta gure enpresen lehiakortasuna hobetzeko. Asko dugu jokoan hemen, Gipuzkoaren etorkizuna ekonomikoa eraikitzeko garaian. Partaidetza eta elkarlana oso praktika positiboak dira, abantaila konpetitibo ugari dakartzatenak, eta bete-betean egiten dutenak bat gure lurraldearen izaerarekin. Bultzatu beharreko indarguneetako bat da", azaldu du.

Bozeramaileak gaineratu du Gipuzkoak lanean jarraitu behar duela arlo horretan erreferente izaten jarraitzeko, enpresa proiektuetan pertsonen protagonismoa eta "inplikazio aktiboa" ardatz gisa kokatuz, lurralde "parte hartzaileagoa eta konprometituagoa" lortzeko.

EKINTZA FRONTEAK

Ekonomia ehunarekin elkarlanean garatzen ari den estrategia orokorraren bitartez, Gipuzkoako Aldundiak "ekintza fronte" desberdinetan dihardu, langileen partaidetza bultzatu eta hedatzeko. Diru laguntzak emateaz gain, 2016an, finantziazio tresna berria jarri zuen martxan, Elkargi eta Oinarri sozietateekin elkarlanean, langileak enpresen jabetzan sar daitezen errazteko, enpresa txiki eta ertainen (ETE) kasuan bereziki.

Esperimentazio aktiboaren alde ere egiten ari da, Gipuzkoako 20 enpresatan proiektu pilotuak abian jarri baitira Etorkizuna Eraikiz dinamikaren barruan. Guztira, 4.000 langile inguru ari dira parte hartzen proiektu horietan, eta bertan sortutako praktika arrakastatsuak lurralde osora zabaltzea da helburua.

Bestalde, zerga alorrean, 2016ko bukaeran Foru Araua onartu zen, langileen partaidetza ardatz gisa hartuta. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) eta Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergetan langileen partaidetza sustatzeko hobariak ezarri eta oztopoak kentzen ditu ekimenak.

Halaber, jabetzan erreleboa gauzatu nahi duten enpresariak zein jabetza hartzeko interesa duten langileak hartzen dira kontuan, enpresen eskualdatzea bultzatu eta errazteko. Joan den urtean, 136 langile 38 enpresatako kapitalean sartu ziren horri esker. Gainera, Foru Arauak neurri positiboak aurreikusi ditu arlo honetan dagoen genero desberdintasunari aurre egiteko.