Gipuzkoako Aldundiak 2,5 milioi euro bideratuko ditu euskararen erabilera soziala bultzatzeko diru laguntzetara

Imanol Lasa euskararen erabilerarako diru laguntzen berri ematen
ORAIN GIPUZKOA
Actualizado: martes, 21 marzo 2017 13:24

DONOSTIA, 21 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzak euskararen erabilera soziala bultzatzeko diru laguntzen aurtengo deialdia argitaratu du. Guztira, 2.580.570 euro bideratuko dira hizkuntza sustatzera, prestakuntza eta tokiko planak sostengatzera eta euskarazko hedabideak bultzatzera. Hizkuntzaren erabilera indartzeko lanean diharduten elkarte, erakunde eta norbanakoek jaso ahalko dituzte laguntza horiek, Imanol Lasa foru erakundearen bozeramaileak astearte honetan jakinarazi duenez.

Lasak azaldu du Gipuzkoa "ezberdintasun ahalik eta txikienak" dituen lurraldea izateko lanean ari dela Aldundia, eta, bide horretan, ekonomia, gizarte eta genero alorretan egiten ari den ahaleginaren ildotik, hizkuntzaren esparruan ere "apustu sendoa" egin du.

"Berdintasun hori modu praktikoan gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa da euskararen erabilera bultzatzea, hau da, euskararen arnasgune bezala ezagutzen diren horiek indartu eta zabaltzea, herritarrek euskara erabili ahal izan dezaten informatzeko, aisialdirako, eguneroko lanerako eta bizitzarako", azaldu du.

Ildo horretan, Gipuzkoako gizartean euskararen erabilera bultzatzea da foru erakundearen helburu eta konpromisoetako bat, aukerak berdindu asmoz eta hiztunen arteko berdintasuna sustatuz. Testuinguru horretan egin da urtero hizkuntzaren erabilera soziala bultzatzeko diru laguntzen deialdia. Laguntzak helburu askotarikoak dira, esaterako, euskararen erabilera soziala hedatzeko jarduerak, ikus-entzunezkoetan euskararen erabilera bultzatzea, udaletan euskararen normalizazio programak garatzeko laguntza, edota euskarazko toki hedabideen jarduerak laguntzea.

AURKEZ DAITEZKEENAK

Hain zuzen, deialdi honetara eskabideak egiteko aukera izango dute euskara sustatzeko proiektu eta jarduerek, lantokietan prestakuntza aldiak euskaraz egitea, euskararen erabilera soziala normalizatzeko tokiko planak, itzulpen praktikak egiteko bekak, Gipuzkoan euskaraz emititzen duten toki telebistak, informazio eta komunikazio teknologiak erabiliaz edukiak euskaraz hedatzeko proiektuak, Gipuzkoan euskaraz emititzen duten irratiak, euskarazko aldizkako argitalpenak eta euskarazko toki hedabideen esparruko lankidetza proiektuak.

Lasaren arabera, euskararen biziberritze prozesua "bidegurutze batean" dagoenez, Gipuzkoako Aldundia, parte hartze prozesu baten bitartez, gizarte eragileekin lankidetzan hartu ditzakeen norabideak aztertzen ari da gaur egun. Parte hartze prozesua bigarren fasean sartuko da udaberri honetan. "Orain arte gogoeta interesgarriak sortzen ari dira prozesu horretan eta, behin ondorioak mahai gainean izanda, datorren urteko aurrekontuetan ondorio horiek beren isla izango dutela aurreikusten da", esan du.

"Euskara bizi nahi dugu kalean, eguneroko bizimoduaren esparru guztietan, eta datozen urteetan hartzen ditugun neurriak erabakigarriak izango dira horretarako. Hemen ere, berrikuntza eta irudimena funtsezkoak izango dira. Pauso horiek, euskalgintzako eragileekin elkarlanean eman nahi ditu Aldundiak, agente aktibo bilakatuz", gaineratu du.