Gipuzkoako Aldundiak 8,2 milioi bideratuko ditu egoitzetako eta eguneko zentroetako langileen lan baldintzak hobetzera

Actualizado: viernes, 8 febrero 2013 12:06

DONOSTIA, 8 Feb. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki du bi urtetan 8,2 milioi euro bideratzea Administrazioarekin hitzartutako plazak dituzten lurraldeko egoitzetako eta eguneko zentroetako 4.800 langileen lan baldintzen hobekuntza finantzatzeko. Horrela, gaur egun sektoreko langileen ordezkarien eta patronalaren arteko negoziazioetan dagoen blokeoa gainditu nahi du.

Ander Rodriguez Gizarte Politikako foru diputatuak prentsaurreko bat eman du, Ezinduen eta Desgaituen Laguntzako zuzendari Txelo Perezekin batera. Bertan, bere kezka azaldu du Gipuzkoako Adinekoen Egoitzetako Lan Hitzarmen berria sinatzeko elkarrizketen egoera dela eta. Adegi eta Lares patronalak eta langileen ordezkariak urrian hasi ziren negoziazioetan, baina orain arte ez dute emaitzarik lortu. Egoera horren aurrean, hiru eguneko greba deialdia iragarri da, otsailaren 27an hasita.

Hainbat enpresa eta entitatek adierazi dutenaren arabera, blokeo egoera horrek bere horretan jarraituko balu, eta lurralde mailako lan hitzarmena sinatzeko akordiorik lortu ezean, Estatu mailako araudia ezarriko litzateke sektorean. Diputatuaren esanetan, "egoera horrek eta greba deialdiak asko kezkatzen gaitu, langileen lan baldintzak ez ezik zerbitzuaren kalitatea ere nabarmen murriztuko bailirateke".

Rodriguezek gogorarazi du Gipuzkoan gaur egun 7.067 plaza eskaintzen direla adinekoentzako egoitzetan eta eguneko zentroetan; horietatik 6.169 Foru Aldundiarekin hitzartutakoak dira prezio publikoa ezarrita, hau da, irabazi asmoko edo irabazi asmorik gabeko entitateek kudeatzen dituzte eta Diputazioak finantzatzen ditu. Honenbestez, Aldundiak Gipuzkoan eskaintzen diren plazen %87 finantzatzen du, eta sektoreko 4.800 langileren soldata ordaindu.

Diputatuak adierazi duenez, "finantzatzen dituen eta herritarren eskura jartzen dituen plaza publiko hitzartuetan kalitatezko zerbitzua bermatzearen azken arduraduna Diputazioa da. Gainera, zerbitzu horietan ari diren langileen lan eskubideak bermatzeko betebeharra ere badauka, lan baldintzek eskaintzen den zerbitzuaren kalitatean eragiten baitute".

Gauzak horrela, negoziazioko alderdiek Administrazioa interpelatu ostean, Foru Gobernuak proposamen bat luzatu die patronalari eta sindikatuei negoziazio mahaia desblokeatzeko.

"Abiapuntua garbia da. Sektorearen berezitasunak kontuan hartuta -Foru Administrazioaren gastuaren menpekoa-, soldatei KPIri dagokion igoera ezarri eta langileen lan eskubideak finkatze aldera, entitate kudeatzaileei behar besteko finantzazioa bermatzeko konpromisoa hartzen du Diputazioak", iragarri du.

Era horretan, bere ustez, "ez dago arrazoi teknikorik ezta ekonomikorik ere langileen eskubideak urratzeko, haien erosmen ahalmena murriztuz edo lan erreformak ezarriz".

PROPOSAMENA

Proposamenak bi urteko iraunaldia izango du, eta 2013ko urtarrilaren 1etik aurrerako eragina. Akordio honen bidez Diputazioak hartutako konpromiso nagusietako bat soldatei dagokiena izango litzateke.

Horrela, Foru Aldundiaren proposamenaren arabera, 2013an, %2,6ko igoera (Gipuzkoako 2012ko KPI) ezarriko da kontzeptu guztietan. Gipuzkoako 2013ko KPIri dagokion igoera ezarriko da 2014an; antzinatasunean, berriz, igoera altuagoa izango da oraindik.

Alabaina, Foru Aldundiaren proposamenean beste alderdi batzuk ere jasotzen dira, eta garrantzitsuenetarikoa ordaindutako atsedenaldiaren ingurukoa da. Zehazki, egunean, lanaldi jarraituan edo zatituan, bost ordutik gora lan egiten duten langileek 20 minutuko atsedenaldia hartzeko eskubidea izango dute. 2013an eta 2014an, atsedenaldi hori ez da ordainduko, baina 2015ean, atsedenaldi horren %25 (bost minutu) ordaindua izango da eta, ondorioz, benetako lanalditzat hartuko da. Artikulu horrek hiru urteko iraunaldia izango du.

Zentzu honetan, zentro guztietan neurri horrek izan behar duen eraginarekiko konpromisoa azaldu du Rodriguezek, bai zerbitzuaren kalitatean, bai eta lana sortzeko gaitasunean ere. Egindako aurreikuspenen arabera, bost minutuko atsedenaldia ezartzearen ondorioz, urteko lanaldi efektiboaren murrizketak 44,5 lanpostu sortuko ditu 2015ean.

GEParen mahaian Diputazioak aurkeztutako proposamenak lan erreformatik baino haratago doazen beste neurri batzuk ere jasotzen ditu, hala nola lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko indemnizazioa edota bestelako lan-baldintzen ingurukoa, besteak beste, jaiegun, egutegi, antzinatasuneta aldi baterako ezintasunaren ingurukoak.

Gutxienez hitzartutako plaza bat duten enpresa guztietan hitzarmen hau aplikatua izan dadin, esku artean dituen neurri legal guztiak erabiliko ditu Diputazioak. Enpresa eta Aldundiaren artean sinatutako baldintza-agiri eta kontrasinatutako hitzarmenen bitartez helaraziko da konpromiso hau, eta Mugikortasun Sailak emandako pausoak hartuko ditu erreferentziatzat.