Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak Mugak Euskadiko I. Nazioarteko Arkitektura Bienala sustatuko dute

 

Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak Mugak Euskadiko I. Nazioarteko Arkitektura Bienala sustatuko dute

Contador
Hiru erakundeetako ordezkariak
IREKIA
Publicado 2017/09/14 18:21:26CET

DONOSTIA, 14 Sep. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak Mugak Euskadiko I. Nazioarteko Arkitektura Bienala sustatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute ostegun honetan Eusko Jaurlaritzarekin. Horrela, Gipuzkoa herri erakunde nagusiak "asmo handiko proiektu honi" atxiki zaizkio. Bienalak nazioarteko eta diziplina anitzeko ikuspegia du, eta Donostia eta Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) arkitekturako eta kulturako profesionalen eta oro har herritarren arteko erreferentzia puntu eta topagune gisa kokatu nahi du.

Donostiako Miramar Jauregian egindako ekitaldian izan dira Iñaki Arriola Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburua, Denis Itxaso Gipuzkoako Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol diputatu eta Marisol Garmendia Mugikortasun eta Lurralde Antolamendu diputatu, Ernesto Gasco Donostiako Udaleko Ekonomia Bultzatzeko, Merkataritzako, Ostalaritzako eta Turismoko zinegotzi eta Enrique Ramos Hirigintza Sostengarriko, Etxebizitzako eta Hiri Proiektuetako zinegotzi.

Mugak Jaurlaritzako Ingurumen, Plangintza eta Etxebizitza Sailaren bultzadarekin sortu da, eta bere helburuen artean dago EAEn sortutako arkitekturaren bikaintasuna hedatzea, lehentasunez nazioarteko esparruetan. Ildo horretan, bienala arkitekturaren inguruko topagune izango da akademiko, profesional eta unibertsitateko ikasleentzat, baita herritarrentzat ere.

Arriolak Gipuzkoako Aldundiaren eta Donostiako Udalaren konpromisoa eskertu du, eta lankidetza akordioa bienalaren arrakasta ziurtatzeko "funtsezko urratsa" dela nabarmendu du. "Mugak programa izugarri erakargarria du, azken Pritzker sariaren irabazleei eskainitako erakusketa nagusi batekin eta ekitaldi paralelo izugarri erakargarriekin publiko guztientzat. Ziur naiz denon ahaleginarekin eta lankidetzarekin Bienala gogoratzeko ekitaldi bat izango dela", esan du

Esta web utiliza cookies propias y de terceros para analizar su navegación y ofrecerle un servicio más personalizado y publicidad acorde a sus intereses. Continuar navegando implica la aceptación de nuestra política de cookies -
Uso de cookies