Gipuzkoako Aldundiak ia 275.000 euro banatu ditu energia aurrezteko eta eraginkortasuna areagotzeko

Actualizado: jueves, 16 enero 2014 14:08
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 16 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoako Foru Aldundiak 274.816 euro bideratu ditu energia aurrezteko eta eraginkortasuna areagotzeko udalek aurkeztutako 35 proiektu diruz laguntzera. Egitasmo horien artean, argiteria publikoan gehiago aurrezteko eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko asmoz egindako berrikuntzak dira nagusi.

   Horrela, besteak beste, Donostiako, Mendaroko, Segurako, Hondarribiko, Berastegiko edo Arrasateko udalek aurkeztutako proiektuak lagundu dira diruz, bai eta Txingudiko Mankomunitateak aurkeztutako hiru proiektu ere.

   Ainhoa Iraola Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru zuzendariak "ezinbestekotzat" jo du energiaren alorrean udalerriekin batera lan egitea. "Energia kontsumoa murriztu behar dugu, eraginkortasuna areagotu, eta tokian tokiko sorkuntza bultzatu behar dugu. Hori dena, beraz, tokian tokiko errealitatetik egin behar da, eta udalak dira, hain zuzen ere, herritarrengandik gertuen dauden erakundeak. Horregatik, Foru Aldundiak haiekin batera lan egin nahi du, eta energia iraunkortasuna sustatzeko tokian tokiko proiektuak babestu nahi ditu", azaldu du.

   Iraolak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Energia Planaren testuinguruarekin lotu ditu diru laguntzok. Bere hitzetan, "Energia Plana onartu genuenetik, diru laguntza hauek are koherentzia handiagoa dute, bat egiten dutelako energia iraunkortasunerantz urrats sendoak emateko norabide orokorrarekin".

   "Foru Aldundiak oso garbi du Gipuzkoa beste eredu energetiko batera eraman behar dugula, gaur egungo mendekotasunetik eta iraunkortasun ezatik urrun, eta lan hori kolektiboa dela eta instituzio guztiok eragile aktiboak izan behar dugula eginkizun horretan. Horregatik diot, gaur egungo Energia Planarekin, beste izaera bat hartzen dutela diru laguntza hauek mota askotako jarduerak eta ekimenak jasotzen dituen esparru orokor horretan", adierazi du.

   Diru laguntza hauek Gipuzkoako Aldundiak Tokiko Agenda 21 egitasmoaren harira banatzen dituenen osagarri dira. Azken horietan, 420.000 euro bideratu ziren 2013an, eta beraz, bi ildoen artean, Aldundiak ia 700.000 euro bideratu ditu Gipuzkoako udalerrietan energia iraunkortasuna sustatzera. Foru Gobernuak energia iraunkortasunaren aldeko politikari lehentasuna ematen jarraituko duela adierazi du Iraolak.