DONOSTIA 17 May. (EUROPA PRESS) -
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Tolosako eta Ordiziako udalek eta Urola Garaiko Mankomunitateak lankidetza-hitzarmenak sinatu dituzte gaur, udal esparruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko eta indarkeria matxistaren aurkako politikak indartzeko. Mota honetako hitzarmenen bidez, Berdintasuneko Foru Zuzendaritzak "gizarte guztiaren ongizaterako oinarrizkoak diren zereginetan kalitatezko lanpostu publikoak sortzearen aldeko apustua egiten du".
Laura Gomez Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendariak agerraldia egin du gaur Donostian akordioak sinatzeko, Tolosako alkate Ibai Iriarte, Ordiziako alkate Igor Eguren eta Urretxuko alkate Oihane Zabaletarekin, azken hau Urola Garaiko mankomunitatearen lehendakari gisa. Lankidetza-hitzarmen hauen bidez, Aldundiak 60.000 euroko diru-laguntzak emango ditu berdintasuneko hiru teknikari lanaldi erdiz kontratatzeko Tolosako eta Ordiziako udaletan eta Urola Garaiko mankomunitatean.
Berdintasuneko zuzendariak adierazi duenez, "helburua da lanpostu espezializatuak sortzea berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren esparruan, lan baldintza egoki eta iraunkorretan". Bere ustez, "hainbeste alderdi dituen egungo krisi egoeran, premiazkoa eta atzeraezina da pertsonen bizitzaren prekarizazioari aurre egiteko lan egiten duten politikak abian jartzea, emakumeei gogorrago erasaten baitie, eta pertsonen zaintzan oinarritutako beste eredu bat eraikitzen saiatzea".
"Ia emakume guztiek hartu behar izaten dute beren gain bizitzeko ezinbestekoa den zaintza hori, eta gainera modu ikusezin eta prekarioan, eta hautua egiteko aukerarik gabe. Era berean, emakume guztiek indarkeria matxistarik gabe bizitzeko dugun eskubidean aurrera egiten jarraitzea lortu nahi dugu", azaldu du.
Gomezek aipaturiko hiru toki erakundeek bide horretan aurrera egiteko azaldu duten konpromiso politikoaren garrantzia azpimarratu du. Apustu politiko hori, bere esanetan, "gizartearen ongizaterako oinarrizko zerbitzu publikoetan murrizketa ikaragarriak dauden garai honetan, ur-lasterraren kontra igeri egitea bezala da".
"Beste plan bat dagoela frogatzen ari gara, eta krisi sistemiko honetatik gizarte eta genero desberdintasunak areagotzea legitimatu gabe ateratzeko betebehar etikoa dugu", gaineratu du.
Hitzarmen horiek berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako arloak indartzeko asmoz Foru Aldundiak Gipuzkoako udal guztiei 2012an egindako proposamenaren emaitza direla gogoratu du. Akordioaren arabera, bi aldeak konpromisoa hartzen dute lanpostu horiek legealdian zehar finantzatzeko.
Foru Aldundiaren diru-laguntza %100ekoa izango da aurten eta murriztuz joango da poliki-poliki; udalena, berriz, areagotuz joango da, eta, azkenean, kostu guztia beren gain hartu beharko dute. "Hau da, ziurtatu dugu lanpostuak ez direla desagertuko Foru Aldundiaren diru laguntza bukatu ondoren", azaldu du.
BALDINTZAK
Kontratazioa diruz laguntzeko zenbait baldintza ezarri ditu Gipuzkoako Aldundiak. Horrela, gutxienez egun erdiko beste kontratu bat egin beharko da, eta kontratuak zuzenekoa izan beharko du eta ezingo da aholkularitza enpresa baten bidez egin.
Kontratatutako pertsonak egiaztatu beharko du emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alorrean gutxienez 150 orduko prestakuntza espezializatua duela edo gutxienez bi urteko lan esperientzia duela berdintasun teknikari gisa.
Azkenik, lanpostuak administrazio publikoko A edo B sailkapen taldean egon beharko du, eta hizkuntza-eskakizuna EGA edo baliokidea izan beharko da.