Gipuzkoako Aldundiak "Sexurik gabea al da aurrekontu politika?" nazioarteko jardunaldiak antolatu ditu

Actualizado: sábado, 28 febrero 2015 11:44

DONOSTIA, 28 Feb. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Sailak "Sexurik gabea al da aurrekontu politika?" izenburuko nazioarteko jardunaldiak antolatu. Martxoaren 5ean eta 6an izango dira, Donostiako Kursaalen, eta ikuspuntu feminista aurrekontu publikoen prozesuetan sartzeaz gogoeta egingo dute Europako eta Euskal herriko hainbat adituk.

Foru erakundeak jakinarazi duenez, eskarmentu handiko hizlariek parte hartuko dute jardunaldietan, hala nola Angela O'Hagan, Elisabeth Klatzer eta Anabel Escobar, Eskozia, Austria eta Andaluziako esperientzien berri emango dutenak, hurrenez hurren.

Era berean, Euskal Herriko esperientziari erreparatzeko ere balioko dute jardunaldiek. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Sailak, erakundeko gainerako departamentuekin lankidetzan, azken urteotako esperientziaren berri emango du. Donostiako Udalaren esperientzia ezagutzeko parada ere eskainiko da.

Azken batean, aurrekontu analisietan ikuspegi feminista sartzean lortutako aurrerapausoak aztertzeko balioko dute jardunaldiek, bai alde praktikotik bai teorikotik. Modu honetan, efizientzia publikoaren alde egin nahi izaten da, ekonomiaren ikuspegi zabal honen bidez, erdigunean jartzen baita andre-gizonen bizi kalitatea, beti ere baldintza ekitatiboetan. Horrek guztiak justizia soziala jardun publikoaren erdigunean jartzen laguntzen du.

Jardunaldiak doan eta irekiak izango dira, eta nahi duen herritar oro joan ahal izango da. Hori bai, aldez aurretik izena eman behar izango da, aibarbia@gipuzkoa.eus helbidera idatzita edo 943 113 054 telefonora deituta.