Gipuzkoako Aldundiak web orria berritu du

Imanol Lasa
GIPUZKOAKO ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 1 febrero 2016 14:25

DONOSTIA, 1 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoako Foru Aldundiak webgune berritua (www.gipuzkoa.eus) abiarazi du, foru erakundearen "egunerokoa, jarduerak eta bere ordezkarienak Gipuzkoako herritarrei gerturatu eta erakundearekiko duten harremana erraztu" aldera sortutako web orria, hain zuzen ere.

   Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko foru diputatuak aurkeztu du webgune berritua astelehen honetan. Foru gobernu berria ezartzen ari den "gobernantza oneko politika berriaren komunikazio tresna nagusietako bat" izango da webgunea, eta "gertutasuna, gardentasuna, eta gizartearen behar eta eskakizun berriekiko egokitasuna" dira ezaugarri garrantzitsuenak.

   Webgunearen bitartez, diputatuen agendaren berri eduki ahal izango dute herritarrek denbora errealean: "ekitaldi ofizialak, aurkezpenak, laneko bidaiak, norekin batzartzen diren eta zertarako, egunerokoan egiten dutena, hain zuzen".

   "Transparency International erakundeak finkatutako gardentasun adierazle nagusietako bat da agenda publikoa, eta hemendik aurrera bete egiten dugu", nabarmendu du Lasak. Formatu desberdinak aztertu dituzte, eta azkenik egutegiarena aukeratu dute, "argiena eta bisualena delako".

   Atal horretan ere, diputatu guztiekin harremanetan jartzeko bitartekoak zehazten dira -telefonoa eta helbide elektronikoa-, sare sozialetan dituzten perfilekin, curriculumekin eta zuzendarienekin batera. Departamentu bakoitzeko informazioa ere ematen da: aurrekontua, aurrekontuaren betetze maila, eta proiektu eta lan ildo azpimarragarrienak. "Zer egiten dugun, zeinek egiten duen, eta zergatik. Hori azaltzea da helburua", gaineratu du.

   Tramiteen atalak ere "eraldaketa sakona" izan du. Lasaren hitzetan, "gure kezka nagusia izan da ahal genuen guztia erraztea eta arintzea kontsulta eta gestio guztiak, bai herritarrenak, bai elkarteenak eta baita enpresenak ere", adierazi du diputatuak.

   Horretarako, bilatzaile prediktiboa txertatu da. Erabiltzaileek egindako tramite eta bilaketa errepikatuenak agertzen dira, eta posible da bilaketak gaikako kategorien arabera egitea ere. Beka eta diru laguntzen inguruan dagoen informazio guztia ere "modu errazean" eskuratu ahal izango da.