Gipuzkoako Aldundiaren "Etorkizuna Eraikiz" programarekin elkarlanean jarraituko dute unibertsitateek

Aldundiko eta unibertsitateetako arduradunak
GIPUZKOAKO ALDUNDIA
Actualizado 2018/02/12 12:28:18 CET

DONOSTIA, 12 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitatearen Ingeniarien Goi Eskolak (Tecnun) Gipuzkoako Foru Aldundiaren "Etorkizuna Eraikiz" programarekin elkarlanean jarraituko dute, ikerketa, azterketa eta dibulgazio jardueretan.

Unibertsitateek astelehen honetan Foru Jauregian egin den ekitaldian berritu dute hitzarmena. Markel Olano diputatu nagusia, Imanol Lasa foru bozeramailea eta Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua, Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako diputatua eta Sebas Zurutuza Kudeaketa Estrategiako zuzendaria egon dira ekitaldia, foru erakundearen aldetik.

Unibertsitateak ordezkatuz, Nekane Balluerka EHUko errektoreak eta Agustin Erkizia Gipuzkoako errektoreordeak, Jose Mª Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak eta Jose Antonio Rodriguez Ranz errektoreordeak, Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak eta Jon Altuna errektoreordeak, eta Raul Anton Tecnuneko zuzendariak eta Jose Maria Sarriegi zuzendariordeak parte hartu dute ekitaldian.

Akordioak bi urteko iraupena izango du, eta Gipuzkoako Aldundiak 1,2 milioi euro bideratuko ditu. "Elkarlaneko gobernantza 'Etorkizuna Eraikiz' ekimenaren ezaugarri nagusietakoa da, hau da, egiten duguna, denon artean egiten dugu", gogoratu du Olanok.

Horrela, nabarmendu duenez, akordioari esker, Aldundiaren eta unibertsitateen bideek bat egiten dute lurraldearen aldeko lanean, orain arteko egindako lana goraipatuz. Bere iritziz, jakintza guneen ekarpena funtsezkoa izan da hainbat esperientzia piloturen garapenean, eta elkarlanak etorkizunean ere fruituak ematen jarraituko du.

UNIBERTSITAEAK

EHUren kasuan, lana elektromugikortasuna edota zibersegurtasuna bezalako alorretan gauzatuko da. Horrela, besteak beste, elektromugikortasun eta energia eraginkortasuneko esperimentazio poloan hartuko du parte; zibersegurtasunari buruzko gela bat jarriko du abian Informatika Fakultatean; enpresa proiektuak sortu eta bultzatzeko unitatea eratuko du; lurraldearentzako gizarte eredu baten diseinuan eta garapenean lagungarri izan daitezkeen proiektuetan parte hartuko du, eta heziketa dualaren aldeko apustu irmoa egingo du.

Bestalde, Deustuko Unibertsitateak "Bizilagun Sareak" eta "Elkar-Ekin" bezalako proiektuen garapenean jarraituko du lanean. Gainera, hirugarren sektoreko proiektu berritzaileetan hasiko da lan egiten, eta Pasaian adinekoen arretan erreferentziazko zentro izango denaren proiektuan parte hartuko du.

Mondragon Unibertsitateak, bere aldetik, langileen partaidetzari lotutako ekimenetan lanean jarraituko du. Alor honetan, behatokia jarriko du martxan, ikerketetan lortzen diren emaitza eta ondorioekin Aldundiaren politika publikoak ondo enfokatzen laguntzeko. Gainera, kooperatibek egungo gizartean duten zeregina aztertuko du, baita "Etorkizuna Eraikiz" programaren esperientzia pilotuen jarduteko modua ere, hauen eraginkortasuna hobetzea xede.

Azkenik, Tecnun unibertsitateak zibersegurtasuna, elektromugikortasuna eta ekintzailetzaren alorretan egingo du lan. Zehazki, zibersegurtasunean autodiagnosia egitea ahalbidetuko duen erreminta garatuko du, lurraldeko enpresa txiki eta ertainei zuzenduta. Honekin batera, ibilgailuetako motor elektriko independenteak kontrolatzeko balioko duen algoritmo baten garapenean ere egingo du lan.