Ospe handiko profesionalak Gipuzkoako Arte eta Kulturaren Kontseilu berrian

Gipuzkoako Arteen eta Kulturaren Kontseiluko kideak
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: martes, 8 marzo 2016 16:25

DONOSTIA, 8 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoako Arteen eta Kulturaren Kontseilu berria onartu du astearte honetan Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak. Prestigio handiko profesionalek osatuko dute, eta Gipuzkoako kultur politikak gidatzeko ardura izango du, Denis Itxaso lehen diputatu nagusiorde eta Kultura eta Turismoko arduradunak aurkezpenean adierazi duenez.

   Zehazki, Rocio Peñak, Cristina Beloquik, Helena Pimentak, Ainhoa Garmendiak, Iñigo Argomanizek, Iñigo Alberdik, Jon Mayak, Luisa Etxenikek, Fernando Bernuesek, Juan Aizpitartek, Felipe Juaristik, Lorena Fernandezek, Miren Aperribayk, Andoni Egañak eta Borja Cobeagak osatuko dute Gipuzkoako Arteen eta Kulturaren Kontseilu berria.

   Diputatuen Kontseiluak astearte honetan onartu duen araudian jasotzen diren zeregin zehatzak dira: eztabaida eta ezagutza sortzea; irizpenak prestatzea eta gomendioak ematea; Foru Aldundiak garatzen dituen  programen kultura proposamenak baloratu eta eztabaidatzea; Kultura Departamentuaren programen eta helburuen jarraipena eta ebaluazioa egitea; kultura gaiei buruzko azterlanak eta txostenak sustatzea; eta Departamentuaren aurrekontua diseinatzeko prozesuan harte hartzea.

   Kontseilu berriaren sorrera hauteskundeetako konpromiso bat da, EAJk eta PSEk osatzen duten foru gobernuaren itunean jaso dena, eta, funtsean, bere sortzaileen eta kultur eragileen bitartez Gipuzkoako gizartea ordezkatzen duen organo bat da. Partaidetza eta topaketa gune bat da, baina, batez ere, Gipuzkoan burutzen diren kultur politiken azterketa, hausnarketa eta eztabaida gune bat.

   Gipuzkoako Arteen eta Kulturaren Kontseilua gizarteko hainbat arlo ordezkatzen dituzten ospe handiko profesionalek osatuko dute eta Kultura diputatuak izendatuko ditu. Besteak beste, kultura, literatura eta pentsamendua, musika, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, arte garaikidea, kultura digitala eta ondarea moduko arloetako ordezkariak izango dira kontseiluan.

   "Aitortutako prestigioa duten profesionalak aukeratu ditugu gure asmoa delako Arteen eta Kulturaren Kontseilua plataforma bat izatea kulturaren sorkuntzak, zabalkundek eta kontsumoak dituen erronkei aurre egiteko", Itxasok adierazi duenez.

ERRONKA NAGUSIAK

   Erronka nagusien artean, kulturaren finantzaketa (mezenasgoa eta mikromezenasgoa), kultura digitala, kulturaniztasuna eta mestizajea, kultur espazioen autokudeaketa, pentsamendu kritikoaren sustapena eta gaur egungo eztabaida sorraraztea azpimarratu ditu Itxasok.

   "Kultura politikak berbideratu behar ditugu dauden baliabideak benetan sortzaileengana iritsi daitezen eta egiturak elikatzen xahutu ez daitezen, eta hori hausnarketa sakona eskatzen duen zeregin estrategiko bat da. Horretarako, esperientzia eta, batez ere, irizpide propioa duten ahotsak behar ditugu, ikuspegi ezberdina emango digutenak eta kulturak herritarren artean presentzia irabazten lagunduko digutenak", azaldu du.

   Gipuzkoako Aldundiko Kultura Sailak legealdi honetarako dituen proiektu nagusien artean daude, besteak beste, Donostia 2016 Hiriburutzak utziko duen legatuari buruzko hausnarketa egitea, Tabakalera bezalako azpiegitura bati heltzea, Gordailua ondarea sustatu eta zabaltzeko benetako zentro bihurtzea eta Errenterian eraikitzen ari den Gipuzkoako Arte Eszenikoen Zentroa.