Gipuzkoako Batzar Nagusiek bat egiten dute Minority SafePack ekimenarekin, gutxiengo nazionalen alde

Juntas Generales de Gipuzkoa
DFG - Archivo
Publicado: jueves, 15 marzo 2018 12:20

DONOSTIA, 15 Mar. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Batzar Nagusiek bat egiten dute Minority SafePack ekimenarekin. Hau gutxiengo nazionalak babesteko lege-proposamen multzo bat da, Europar Batasunaren lege-xedapen sorta bat, gutxiengoen eskubideak eta hizkuntza-eskubideak sustatzea eta haien kulturak babestea ahalbidetzen duena. Bere xedea da gutxiengoentzako segurtasuna eta legediaren garapena lortzea.

Batzar Nagusiek azaldu dutenez, herritarren ekimen honek "Europako Batzordeari Europako Parlamentuak emandako agindua betearazi nahi dio", Europako Parlamentuak 'Alfonsi Txostena' izenekoa onartu zuenean seiehun boto baino gehiago baiezkoak izan zirelarik, Europako gutxiengoen hizkuntzak eta kulturak zaintzeko. Txosten hark berretsi egin zuen europar lege lotesleen beharra, zaintze hori ekintza, balio eta eskubide bilakaturik aitortua izan zedin Funtsezko Eskubideen Europar Gutunean. "Asmo hori berresten da oraingo honetan Europako herritarren ekimena erabiliz", diote Batzar Nagusiek.

Europako Herritarren Ekimena zuzeneko demokraziarako tresna bat da, Europar Batasunak 2012an sortu zuena. Beraz, baldin eta gutxienez Europar Batasuneko zazpi Estatutako milioi bat herritarrek baino gehiagok babesten badu herritar talde batek proposatutako ekimen bat, Europako Batzordeak bideratu egin behar du proposamen hori.

"In varietate concordia - Aniztasunean batasuna" da Europar Batasunaren goiburua, erakundeak gogoratu duenez. Minority SafePack ekimenaren helburua da "Europar Batasunak bere goiburua bete dezala eragitea eta, beraz, nazio- eta hizkuntza-gutxiengoetako gizon-emakumeen babesa hobetzea eta, orobat, Batasuneko kultura- eta hizkuntza-aniztasuna indartzea, ukaezina baita Europar Batasunari ematen dion aberastasuna". Iraganean, diote batzarrek, Europar Batasunak "sarriegi egin die entzungor honelako eskariei, eta gutxiengoen arazoen konponbidea estatu bakoitzaren eskuetan utzi du, edo beste nazioarteko erakunde batzuen eskuetan".

Ondorioz, Minority SafePack babestera bultzatu nahi dituzte gipuzkoarrak beren sinadura bidez. Herritarren ekimen honekin ados egonik, Batzar Nagusiek Europar Batasunari eskatzen diote "bere gain har dezala ardura hori eta kultura- eta hizkuntza-aniztasunaren benetako eragile bihur dadila" Europa osoan. Azkenik, eskatzen dute Europar Batasuneko Estatuek ere errespeta ditzatela "gutxiengoen eskubideen babesari buruzko Kopenhageko irizpideak".