Gipuzkoako Diputazioak 150.000 euro zuzenduko ditu Jakingunea elkartea egiten ari den digitalizazio proiektua gauzatzeko

Torrealdai eta Olano
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: martes, 29 marzo 2011 20:05

DONOSTIA, 29 Mar. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok eta Jakingunea Kultur Elkarteko presidente Joan Mari Torrealdaik lankidetza hitzarmena sinatu dute, eta hitzarmen horren baitan, foru erakundeak elkartea garatzen ari den digitalizazio proiektuaren zati bat finantzatuko du, 150.000 euroko ekarpena eginez.

Jakingunea Kultur Elkartea, Jakin Taldeak argitaratutako liburuen eta artikuluen digitalizazioa aurreikusten duen proiektuan ari da lanean, eta proiektu horrek 357.420 euroko aurrekontua du.

Erakundeen eta Jakin Taldearen artean egindako ahaleginari esker, gaur egun digitalizatuta dago 'Jakin' aldizkariaren funts historiko guztia, eta sarean dago ikerketa eta kontsultetarako.

1956tik kaleratutako Jakin Taldearen gainerako argitalpenak digitalizatzeko proiektua aurreikusi du hitzarmenak, 'Jakin'-en bildumetatik kanpo Jakin Taldeko kideek (Joxe Azurmendi, Joseba Intxausti, Paulo Agirrebalzategi eta Joan Mari Torrealdai) argitaratutako idatziak ere bilduko dituena. Gainera, proiektuak beste osagarri bat ere jasotzen du nobedade gisa, hau da, egileek beraiek obren testuingurua kokatzen dutela.

Jakin Taldeak lau lan lerro hauek gauzatu ditu: Jakin aldizkaria; Jakin Irakurgaiak; Jakin liburu sorta eta beste batzuk; Jakin Bibliografia.

Sinatutako hitzarmenaren arabera, bi erakundeen ustez gaur inoiz baino gehiago aldarrikatu behar da memoria, "gure iraganeko memoriak eta identifikazioak esanahia, zentzua eta balioa ematen dizkiotelako gure bizitzari, eta memoria gure identitate pertsonalaren eta komunitatearen zati delako".

Hitzarmenaren sinadura ekitaldian, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok esan du Foru Aldundiaren kudeaketa planean lehentasuna izan dela denok kulturara sarbidea izatea, kulturaren eta ondarearen biziberritzea eta euskararen biziberritze eta normalizazioa. "Zentzu horretan, eta krisi garaian bereziki, lehentasunezkotzat jotzen dugu kultura-inbertsioak sustatzea eta euskaraz sortutako edukien eskaria eta eskaintza orekatzeko proiektuak diseinatu eta ezartzea", adierazi du.

Olanoren ustez, "kultura-industrian inbertitzea, eta gure kulturaren alde inbertitzea ezinbestekoa izango da gure gizarteak behar duen garapen ekonomiko eta sozial orekatua bermatzeko. Bertako edukien sorrera eta hedapenaren aldeko apustua egiten dugu, munduan nortasun propioa duen gizarte lehiakor gisa kokatzen gaituen edukien alde, alegia".

Bestalde, Jakingunea kultur elkarteko presidente Joan Mari Torrealdaik, enpresak egin duen lana mahai gaineratu nahi izan du: "1956az geroztik, Jakin Taldea lanean aritu da euskarazko produkzioaren kultura maila gehitzeko".

Euskararen historian denboraldi hau funtsezkoa izan dela azpimarratu du Torrealdaik. "Belaunaldi honen lanari esker, denbora luzean amestu izan diren mugarri garrantzitsuak lortu dira, hala nola, euskara bateratzea, ofizializazioa lortzea, eskola nahiz unibertsitatean, komunikabideetan eta erakundeetan euskara erabiltzea, eta literatura produkzioa geroz eta handigoa izatea", azaldu du.