Gipuzkoako Diputazioak eta 'Berria'-k berrikuntza teknologikoetan oinarritutako proiektu berriak garatuko dituzte

Actualizado: miércoles, 9 marzo 2011 14:20

DONOSTIA, 9 Mar. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok eta 'Berria' egunkariko kontseilari ordezkari Joanmari Larrartek bien arteko hitzarmena sinatuko dute elkarrekin berrikuntza teknologikoetan oinarritutako proiektu berriak garatzeko asmoz. Horrela iragarri dute gaur Berria Taldearen egoitzan Gipuzkoako diputatu nagusiak egin duen bisitan.

2011ko Krisiaren aurkako Planaren baitan kokatzen den hitzarmenaren xedea da Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Berria Taldearen arteko lankidetzaren baldintzak jartzea, euskarazko hedabideen alorrean enpresa funtzionamenduko eredu berri bat sustatzeko, beti ere teknologia berrietan eta banaketa esparru berri batean oinarrituko dena.

Eredu berri horren hausnarketa partekatua izango da eta ondorengo proiektu zehatzen garapena eskatzen du: berrikuntza teknologikoetan oinarritutako edizio prozesua berritzea; sare sozialak eta informazio lokala sustatzea; "Pauta digitala" proiektua publizitate alorreko prozesua hobetzeko; "Berriabi zerbitzuak" prozesua; "Etxeraino" proiektua, banaketa hobetzekoa; "Euskal Herriko plaza" denda birtuala eta "Eskura" proiektua, zerbitzu gida sortzekoa.

Proiektu hauen garapenerako 1.027.000 euroko inbertsioa aurreikusi du Berria Taldeak, eta hauetatik 416.000 euroko inbertsioa 2010ean egin da. Berria Taldearen aurrekontua 2011. urterako 611.000 euro da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak konpromisoa hartuko du 250.000 euroko ekarpena egiteko.

Olanoren hitzetan, "Berria Taldeak hausnarketa estrategikoko prozesu sakon bati ekin dio, hiru krisi egoerei konponbideak bilatzeko: krisi ekonomiko orokorrari, mundu osoko hedabideetan gertatzen ari diren aldaketa teknologikoek eragindako egoerari, eta euskaraz lan egiteak dakarren oztopo erantsiak sortzen duen egoerari".

Hortaz, Gipuzkoako Foru Aldunditik Krisiaren aurkako Planaren testuinguruan errealitate honi laguntza emateko apustua egin nahi izan dutela nabarmendu du diputatu nagusiak, "gure erronka nagusienetako bat bertako kalitatezko edukiak sortu eta hedatzea izan baita legealdi osoan".

"XXI. mendean euskal edukiek, komunikazio zein kulturakoek, gizarte moderno bati zuzendu behar zaizkio. Kalitatezko eduki erakargarri eta mundu osoan zabaldu, hedatuko dena. Horregatik, gaurko hitzarmena gipuzkoarrentzat bereziki interesgarria dela uste dut. Kultura alorrak gizarteari eta Gipuzkoaren lehiakortasunari kualitatiboki egiten dion ekarpena oso garrantzitsua da, mundu globalizatuan horrek egiten baigaitu bereziak", esan du Olanok.

"FENOMENO BEREZIA"

Bestalde, Joanmari Larrartek enpresaren ezaugarriak mahai gaineratu nahi izan ditu, "fenomeno berezia" dela adieraziz. "Berria Taldea, Berria enpresa taldea osatzen duten enpresen kapital sozial osoaren titularra den aldetik, fenomeno berezi eta bakarra da, bai euskarazko hedabideei egindako ekarpenarengatik, eta baita ere kultur eta industria egituraren garapena sustatzeagatik", esan du.

Berria Taldea zazpi enpresek osatutako taldea da; gainera, taldeak beste 11 enpresetan du partaidetza. Enpresa guztien artean 350 lanpostu sortu ditu taldeak 2003tik 2011ra, eta azken urteetan galera batzuk jasan arren, gai izan da proiektu guztiei eusteko, langile kopurua ez jaisteko eta proiektu berriei ekiteko.

Berria Taldearen eskutik martxan diren komunikazio proiektuak dira: 'Berria' egunkaria; herrialde mailako bost 'Hitza' astekari; eskualde mailako bost 'Hitza' egunkari; interneteko hedabideak (www.berria.info eta www.hitza.info); www.iragarkilaburrak.com. Bazkidetzan, 'Nora' eta 'Irria' aldizkarietan eta 'Hamaika' telebistan parte hartzen du.