Gipuzkoako Elikagaien Bankua Debagoienara iritsiko da, Bergarako zentro berriarekin

Actualizado: miércoles, 23 marzo 2011 18:30

DONOSTIA, 23 Mar. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Elikagaien Bankuak Bergaran kokatutako bilketa eta banaketa zentro berrian gauzatuko du apiriletik aurrera bere gizarte-eta elkartasun-jarduera. Biltegi berria abian jartzen denean, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak bi zentro izango ditu lurraldean, eta 84 boluntarioren konpromisoari esker, bere jarduera lurraldearen barrualdera zabaldu ahal izango du. Bergarako zentroa zabaldu arte Oiartzunen duten biltegitik bideratu dute bere lana.

Elikagaien Bankuak gauzatzen dituen jardueren aurkezpen ekitaldia egin da gaur Bergarako udaletxean, eta han izan dira Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Agurne Barruso Bergarako alkatea, Juan Mari Garitano Gipuzkoako Elikagaien Bankuko presidentea eta Jose Antonio Agirrebeña Bergarako biltegi berriko arduraduna.

Halaber, bertan egon dira Carlos Ormazabal Garapen Iraunkorreko foru diputatua, Deba eta Urola eskualdeko 30 bat herrietako alkate eta ordezkariak eta boluntario jendea eta enpresa nahiz erakunde laguntzaileen ordezkariak.

Ekitaldian, Garapen Iraunkorreko diputatu Carlos Ormazabalek eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuko presidente Juan Mari Garitanok lankidetza hitzarmena sinatu dute. Akordioaren bidez, Diputazioak 106.200 euro xedatuko ditu biltegi berria finantzatzeko eta hozkailuak, apalategiak eta banaketarako furgoneta bat erosteko. Hitzarmena biltegian bertan sinatu dute, San Juan poligonoan dagoen 200 metro koadroko pabilioian.

Markel Olanok adierazi duenez, "zentro berriak erakusten du elkartasuna eta konpromisoa Gipuzkoaren ezaugarriak izaten jarraitzen dutela". Diputatu nagusiak beren lana eta dedikazioa eskertu die Gipuzkoako Elikagaien Bankuko kideei eta bankuaren lana bultzatzen duten boluntarioei eta erakundeei, eta Gipuzkoako Elikagaien Bankua "gizarte-erreferente bat dela azpimarratu du, "gure gizarteko behartsuenganako elkartasuna eta iraunkortasunaren kultura lotzen dituen sare sendo bat ehuntzea lortu duelako".

Bestalde, Elikagaien Bankuko presidente Juan Mari Garitanok esan du lokal berriarekin bankuak laguntza eman nahi diela Deba eta Urola bailara osoan egoera larrian edo gizarte-bazterketako arriskuan dauden 8.500 bat laguni, eta horretarako 60 boluntarioren laguntza jasotzen dutela azaldu du.

Alde horretatik, jakinarazi du 2010. urtean Oiartzungo zentroak 16.000 lagun baino gehiagori eman ziela laguntza 166 gizarte-erakunderen bitartez, eta horietatik 2.500 zentro berriaren eragin eremuan bizi direla.

2010EKO DATUAK

Gipuzkoako Elikagaien Bankuak 956.387 kilo elikagai banatu zituen 2010ean. Bankuak azken urtean kudeatutako elikagaiek jatorri ezberdina dute: beste elikagai banku batzuetatik, 31.760 kilo; Gipuzkoako Elikagaien Bankuak berak merkataritza gune handitan egin dituen kanpainetatik, 21.919 kilo; janari-industrien dohaintzetatik, 157.135 kilo; Europar Batasunetik, 598.208 kilo; Azken Minutuko Azokatik, 309.428 kilo.

Gipuzkoako Elikagaien Bankua 1997ko azaroaren 3an eratu zen, irabazi asmorik gabeko elkarte gisa. Gipuzkoa barruan elikagaiak biltzea eta banatzea du helburu, bai eta trukeak egitea ere Euskadiko Elikagai Bankuen Federazioarekin edo Espainiakoarekin (FESBAL). Orobat, bere gain dauka Europar Batasunetik datozen elikagaiak kudeatu eta banatzeko ardura.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko Sailarekin 2009ko uztailean lankidetza hitzarmena sinatu zuenetik, biltzen eta banatzen dituen elikagaiak dira bai freskoak -fruta eta barazkiak- bai iraungitze data laburragoa duten beste batzuk -esnekiak eta opilgintza produktuak-.

Horrela jarraipena ematen zaio Mondragon Unibertsitateak abian jarritako Azken Minutuko Merkatua (Last Minute Market) deritzan esperientzia pilotuari. Jateko egoera onean baina merkaturatzeko moduan ez dauden elikagaiak dira, eta kontsumora xedatzen dira, eta horrela ez dira hondakin bihurtzen eta ez dute zabortegietan amaitzen.