Gipuzkoako eta Bizkaiko 8.240 ikaslerengana iritsiko dira Galtzagorriren liburutegi ibiltariak

Galtzagorriko kideak liburu kutxekin
GALTZAGORRI
Actualizado: martes, 25 septiembre 2018 12:21

DONOSTIA, 25 (EUROPA PRESS)

Galtzagorri elkarteak Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundien babesarekin antolatzen dituen Liburuen Altxorra eta Liburu Ibiltariak ekimenak astearte honetan eta urriaren 1ean hasiko dira, Berastegin (Gipuzkoa) eta Mallabian (Bizkaia), hurrenez hurren. Egitasmoak 8.240 ikaslerengana iritsiko dira aurten, Galtzagorri elkarteak jakinarazi duenez.

Egitasmoak 19. ekitaldia egingo du Gipuzkoan, eta 18.a Bizkaian, eta 58 ikastetxek parte hartuko dute, inoiz baino gehiagok. Horrela, 4.109 ikaslek gozatu ahalko dute liburuz betetako kutxekin, eta aholkularitza eskaerak ere gora egin du, 427 irakaslek jasoko baitute aurtengo ekitaldian, eta, haien bitartez, 4.131 ikaslek.

Liburuen Altxorra eta Liburu Ibiltariak egitasmoen ardatzak liburuz betetako kutxa ibiltariak dira. Hala, kutxak eskolaz eskola doaz eta ikastetxe bakoitzean hilabete inguru egiten dute. Kutxak ireki eta Galtzagorriko adituek aukeratutako liburuen gaineko dinamizazio saioak egiten dituzte. Gainera, garai batean eskola txikiak izandakoetan, baina denborarekin hazi diren ikastetxeetan egitasmo beraren barruan txertatutako aholkularitza zerbitzua eskaintzen diete irakasleei.

Gipuzkoako 33 eskolatara eramango dute aurten Liburu Altxorra, iaz baino hiru gehiagotara, eta Imanol Mercero Galtzagorriko adituak eskainiko ditu dinamizazio eta aholkularitza saioak. Bizkaian Saroa Bikandik hartuko du Liburu Ibiltariak egitasmoaren gidaritza, eta 25 eskolatan arituko da.

Aurtengo kartelak alfabetoa du oinarri, eta Estibaliz Jalonek egin du. Hizki bakoitzari munduko kultura eta literatura ezberdinetako emakumezko pertsonaiak gehitu dizkio. Astrid Lindgreen idazle suediarraren Pippi Langstrump pertsonaia, "Mila gau eta bat gehiago" arabiar ipuinen bildumako narratzaile Sherezade printzesa, Mariasun Landaren "Iholdi", Toti Martinez de Lezearen "Nur", "Wonder Woman" heroi estatubatuarra eta hizki beste ipuinetako emakume marraztu ditu Jalonek Liburuen Altxorra eta Liburu Ibiltariak egitasmoaren aurtengo irudi izango den kartelean.