Gipuzkoako Foru Aldundiak 350.000 euro banatuko ditu nekazaritza-ustialekuen aholkularitzako laguntzetan

Actualizado: miércoles, 23 marzo 2011 18:01

DONOSTIA, 23 Mar. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak nekazaritza-ustialekuen aholkularitzarako 2011ko deialdia onartu du, eta laguntza horiek emateko 350.000 euro jarriko ditu.

Laguntza hauek legez eratuak dauden nekazaritza-elkarteei ematen zaizkie, betiere aholkularitza zerbitzu zehatz batzuk ematen badituzte, hala nola aholkularitza teknikoa, ustialekuaren diagnosia eginez eta gomendio eta hobekuntza proposatuz, eta baloraziorako adierazle partzial eta amaierakoak ezarriz; ekonomia eta finantza aholkularitza, balantzeak eta emaitza kontuak prestatuz, ekonomia adierazleak interpretatuz, bideragarritasun azterketak eginez eta ekoizpen kostuak aztertuz.

Halaber, osasun publikoari, abereen osasunari, ingurumenari eta abereen ongizateari lotutako kudeaketako legezko eskakizunei buruzko aholkularitza, edo lurren nekazaritza eta ingurumen baldintza onei buruzko aholkularitza eman behar dute, klima eta lurzoru baldintzak, dauden ustialeku sistemak, lurren erabilera, laboreen txandakatzea, nekazaritza ustialekuko praktikak eta ustialeku egiturak barne.

Legedi komunitarioan oinarritutako lan segurtasunari buruzko arauen inguruko aholkularitza, lan eta zerga aholkularitza eta jarduerarekin lotutako aholkularitza juridikoa ematen duten elkarteek ere eska ditzakete laguntzak.