Gipuzkoako Foru Aldundiak bere egitasmoak aurkeztuko dizkie herritarrei Pasaian, maiatzaren 22an

Martin Garitano
Europa Press
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 18 mayo 2012 16:03

DONOSTIA 18 May. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiak bere egitasmo nagusiak aurkeztuko dizkio jendarteari datorren asteartean, maiatzaren 22an. Horretarako, Martin Garitano diputatu nagusia eta gainerako foru diputatuak Gipuzkoako udaletako ordezkariekin eta beste hainbat eragilerekin eta, oro har, herritarrekin elkartuko dira Pasaiako Ziriza Etxean.

Foru erakundeak jakinarazi duenez, hilabete hauetan guztietan hainbat proiektu jarri dira martxan eta, batez ere, datozen urteetarako plangintzak eta proiektuak diseinatu dira. Horren guztiaren berri emateaz gain, eta aurrera begira sail bakoitzak dituen erronka nagusiak herritarrekin partekatzearekin batera, Foru Aldundiaren politikaren adierazle izango den marka berria aurkezteko ere baliatuko da ekitaldia.

Ekitaldia Pasaiako Ziriza etxean izango da, 19:00etan. Toki hautaketa ez da kasualitatea izan, baizik eta Foru Aldundiaren lehentasunen erakusle. "Izan ere, Pasaia biziberritzea Gipuzkoaren erronka nagusienetako bat da eta Gipuzkoak izan beharreko aldaketa Pasaiak ere sumatu behar du", adierazi du.

Ekitaldian edozein herritarrek parte hartu ahal izango du, baina lekua mugatua denez, jendeari eskertuko genioke aldez aurretik jakinaraztea, 943 11 23 35 edo 943 11 23 42 telefono zenbakietara deituta edota diputatunagusia@gipuzkoa.net helbide elektronikora mezua bidalita. Horrez gain, Aldundiak jakinarazi du bertaratzeko aukerarik ez dutenek internetez jarraitzeko aukera izango dutela, www.gipuzkoaberri.net webgunean 'streaming' bidez emitituko delako. Gainera, laster egitasmoak aurkezteko eskualdeetara joango dira Aldundiko ordezkariak.

Ekitaldia egiteko maiatzaren 22a hautatu izana ere ez da kasualitatea, 2011ko maiatzaren 22an hauteskundeak izan baitziren eta gipuzkoarrek "aldaketaren aldeko hautua egin zuten".

Contenido patrocinado