Gipuzkoako garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko hitzarmena

Pello Gibelalde eta Nekane Balluerka
EHU
Actualizado: jueves, 22 junio 2017 13:50

DONOSTIA, 22 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Adegi Gipuzkoako Enpresen Elkarteak lankidetzarako hitzarmen markoa sinatu dute ostegun honetan, Gipuzkoako sustapen eta garapen ekonomiko eta sozialerako jarduerak garatzeko, berrikuntza, ezagutzaren sorrera eta eraldaketa, sare bidezko lan eta proiektuen sustapenaren eta kudeaketaren bitartez. Hitzarmena Nekane Balluerka EHUko errektoreak eta Pello Gibelalde Adegiko presidenteak sinatu dute.

Bi erakundeok sinatutako akordioak barne hartzen dituen ekintzen artean daude, besteak beste, unibertsitate enpresa prestakuntza duala sustatzea; ikerketa eta EHUko ikerketa taldeen emaitzak Gipuzkoako enpresa ehunera hurbiltzea; sentsibilizazio kanpainak garatzea, Enpresa Kultura Berriaren bitartez, enpresa berau osatzen duten pertsona guztiek partekatutako proiektu gisa ulertzeko, eta produkzio ehuna eraldatzen eta ikasleen enplegagarritasuna areagotzen lagunduko duen talentua sortzeko elkarlanean aritzea.

Halaber, hitzarmenaren bitartez, EHUko Gipuzkoako campusean azterlan eta ikerketarako lan akademikoak egingo dira hezkuntza lankidetzaren programen baitan (borondatezko praktikak), bai eta Gradu Amaierako eta Master Amaierako Lanak eta doktore tesiak ere.

Nekane Balluerka "oso pozik" agertu da Adegiren akordioa sinatu delako. "EHUk aspalditik ditu harreman estuak Gipuzkoako enpresa munduarekin: enpresa praktikak egiten ditugu, ezagutzaren transferentzia burutzen dugu, prestakuntza dualaren garrantzia handituz doa. Beraz, ez da hasiera puntua, harremana sendotzea baizik. Harreman horren bizitasunaren ondorioz, lanerako marko egonkor bat ezartzeko beharra zegoen, beste sektore ekonomiko, sozial eta kulturalekin ezarri dugun moduan. Ziur nago, akordio horri esker, Adegik eta EHUk harremanak indartzeaz gain, eremu berrietara zabaltzeko aukera izango dugula", azaldu du.

Bestalde, Pello Gibelalderen iritziz, akordioa "beharrezkoa eta oso positiboa" da. Bere hitzetan, "unibertsitatera gehiago hurbiltzea enpresen asmoa izan da beti, uste baitugu denentzat mesedegarria dela, horregatik akordio hau beharrezkoa eta oso positiboa da".