Gipuzkoako Harrera Familien XIV. Topaketan 185 harrera guraso eta 90 adingabe izango dira

Actualizado: viernes, 21 noviembre 2014 17:37

DONOSTIA, 21 Nov. (EUROPA PRESS) -

Beroa harrera gurasoen elkarteak antolatutako Gipuzkoako Harrera Familien XIV. Topaketak 270 pertsona baino gehiago bilduko ditu Donostian larunbat honetan, azaroaren 22an, harrera guraso, adin txikiko eta haur eta nerabeen babeserako sektoreko profesionalak guztiak.

Gipuzkoako Aldundiko Haur eta Nerabeen Babeserako zuzendari Euken Barreñak aurkeztuko du topaketa, Beroa harrera gurasoen elkarteko presidente Aitor Peñagarikanorekin batera. Hamabosgarren topaketa honetan Kepa Kamiña adituak hitzaldia eskainiko du: "Begirada desberdinak gertaera berdinari: familia harrera".

Foru erakundeko Haur eta Nerabeen Babeserako Zerbitzuak "apustu argia" egin du babes gabeko egoeran dauden familia boluntario eta profesionalen bidearen alde, adin txikiko pertsonari onura handiak ekartzen baitizkio. Familian hazteak haurrei lagundu egiten die babes eta maitasunez integratzen, modu osasungarrian garatzen eta inguru egonkorrean hazten.

"Apustu honek eta ehunka familiak erakutsitako solidaritate izugarriak Gipuzkoa aitzindari bihurtzen dute alor honetan. Hain justu, lurralde honetan gehiago dira harrera familietan bizi diren haurrak (329), babeserako zentroetan bizi direnak baino (277)", adierazi dute foru erakundeko iturriek.

Halaber, Gipuzkoako gizarteak "egunez egun" erakusten du haur hauekiko ardura eta elkartasuna, Foru Aldundiak irailean egindako deialdiak jasotako erantzunean ikus daitekeen moduan: Gizarte Politikako Sailak, hamaika arrazoiren ondorioz beren etxeetatik urrundu diren haur eta nerabeentzat harrera familiak bilatzeko informazio eta sentsibilizazio kanpaina bat jarri zuen abian, eta bi hilabete eskasean 101 dei jaso ziren harrerari buruzko informazioa jasotzeko eta hauetako 59k prozesuarekin aurrera jarraitzen dute.

Jasotako erantzuna bikaina izan arren, oraindik badira familia beharra duten adin txikikoak Gipuzkoan, bereziki anai-arreba eta nerabe taldeak. Beraz, Aldundiak herritarrak animatu ditu 943 11 25 22 telefonora dei dezaten.