Gipuzkoako Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Gunea sortu da

Actualizado: martes, 17 enero 2017 17:57

   DONOSTIA, 17 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoan Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Gunea abian jartzeko dekretua onartu du astearte honetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak. Udal guztiek eta foru erakundeak gunea osatzea aurreikusi da, baita atxikitzeko nahia azaltzen duten beste toki erakunde guztiek ere. Helburua izango da herritarren partaidetzarako politikak herri mailan sendotzea, baliabideak partekatuta, jardunbide egokiak eta arrakasta izan duten ereduak identifikatu eta konpartituta, eta sarea osatzen duten erakundeen artean aplikatuta.

   Behin foru dekretua argitaratuta, udal bakoitzari dagokio orain atxikitzea, osoko bilkuran onartu ondoren. Imanol Lasa Gipuzkoako Aldundiaren bozeramaileak azaldu duenez, gune hori aitzindaria izango da Euskadi eta estatu mailan, eta "lankidetzan, konfiantzan eta herritarrei zabaltzeko asmoan oinarritutako gobernantza eredu baten alde Gipuzkoak egin duen apustuaren" barruan kokatzen da.

   Lasak azpimarratu du indar politiko guztien babesarekin jaio dela ekimena, eta gunearen osaketa zein egitekoak haiekin adosteko lanketa egin dela, ekarpenak eta iradokizunak kontuan hartuz. Asmo horrekin, joan den azaroan, topaketa egin zen 47 udaletako ordezkari politiko eta teknikoekin. "Eskertu egin nahi dut erakutsi duten prestutasuna. Gai izan behar dugu denon artean herritarren partaidetza alderdikerietatik kanpo uzteko. Uste dut bide onetik goazela", esan du.

   Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Guneak modu autonomoan eta independentean funtzionatuko du eta "eskumen garrantzitsuak" izango ditu -aurrekontuen ondorioetarako bakarrik atxikiko zaio Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Sailari-. Horrela, bere egitekoen artean, toki erakundeetarako diru laguntzak zehaztuko ditu, lehentasunezko ekintza motak identifikatuta; herritarren partaidetzarako programa zehatzak bultzatuko ditu; hainbat programa diseinatu eta sustatuko ditu, prestakuntza, jardunaldi, topaketa, foro, mintegi eta tailerrak gauzatzera zuzenduta; gida metodologikoak jarriko ditu praktikan.

   Zeregin nagusienetako bat zailtasun gehien dituzten udalei, bereziki 5.000 biztanle baino gutxiagokoei, "era guztietako laguntza, aholkularitza teknikoa eta baliabideak" eskaintzea izango da, entzute aktiboen eta herritarren partaidetzaren politikak modu eraginkorrean gauzatu ahal izateko. Laguntza hori ekintza hauetarako erabiliko da, besteak beste: herritarren partaidetzako erakundeen erregistroak egiteko; udal araudiak edo ordenantzak prestatzeko, elkarlaneko gardentasun programak garatzeko; datu irekiak eskaintzeko.

SAREAN LAN EGITEA

   Gunearen ezaugarri nagusiena sarean lan egitea eta ezagutza nahiz esperientzia praktikoak trukatzea izango da, betiere herritarren partaidetzaren esparruan. Horrela, udalen sareak herritarren partaidetzako metodologia eta instrumentu jakin batzuk garatuko ditu, bereziki, herri kontsultak egiteko behar direnean, eta informazioaren teknologiari eta baliabide telematikoei lotutako laguntza teknikoa emango du, batez ere udalerri txikienei. Halaber, estrategia komunak jarriko ditu martxan partaidetzazko aurrekontuen esparruan, eta parte hartze prozesuen eta eztabaida parte hartzaileari lotutako erabakien ereduak zehaztuko ditu.

   Erakunde arteko Gunearen osaketari dagokionez, hiru organo izango ditu: Gune Orokor edo Plenarioa, Gune Exekutiboa, eta foro teknikoak. Horien bitartez tamaina guztietako udalerrien ordezkaritza bermatuko da, eta kontuan hartuko dira sentsibilitate politiko guztiak.

   Ekimenak Eudelen babesa izan du sorreratik. Horrela, herritarren partaidetzako politikak koordinatzeko batzorde politiko-tekniko bat sortuko da Foru Aldundiaren eta Euskal Udalen Elkartearen artean, Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Gunearen funtzionamendu eraginkor baten alde lan egiteko, eta partaidetzako lurralde politikak euskal udaletan behar bezala koordinatzeko Eudelek egin beharreko lana sustatu edo errazteko. Halaber, baliagarri izango da alor horretan garatutako ekimen eta jarduerei buruzko informazioa trukatzeko.

   Gunearen lehen osoko bilkura martxoan egingo da, eta bertan onartuko dira urteko plangintza, diru laguntzak eta aurrekontua. Osoko Bilkurak, gainera, toki mailan herritarren partaidetzari lotutako bost esperientzia edo proiektu aitortuko ditu, eta horietatik hiru hautatuko dira sariak jasotzeko. Alor horretan ospea duten hiru pertsonek osatutako batzordeari dagokio botoaren erdia, eta beste erdia Osoko Bilkurako kideei. Urteko sari horren helburua da ekimen berritzaileak sustatzea eta zabaltzea, eta herritarren partaidetzako jardunbide egokien banku bat sortzea.