Gipuzkoako Suhiltzaileek 1.882 esku hartze egin zituzten 2013an

Gipuzkoako Suhiltzaileen 2013ko balantzea egin dute
Foto: GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: miércoles, 5 marzo 2014 14:30

DONOSTIA, 5 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoako Suhiltzaileek 1.882 esku hartze egin zituzten 2013. urtean, gehienak salbamenduak. Zerbitzu horren kalitatea eta segurtasuna bermatzen jarraitzeko material berria erosi du Gipuzkoako Aldundiak, eta guztira, 718.835 euroko inbertsioa egin zuen iaz, besteak beste, bi kamioi berri, kamara termikoak, autoeskailera bat, kale estuetan sartu ahal izateko ibilgailu bat erosteko.

   Gipuzkoako Foru Aldundiko Modernizazioko eta Zerbitzuetako Zuzendaritzak material berriarekin hornitu du suhiltzaileen zerbitzua, horrek kalitatezkoa eta segurua izaten jarraitzeko. Behar bereziei egokitutako materiala denez, "enkarguz eskatu eta urte batera edo bira ekartzen dituzte". "Kostua ere handia dutenez, bi edo hiru urteetan banatuta finantzatzen ditugu", azaldu du Garbiñe Errekondo Foru Administrazioko eta Funtzio Publikoko diputatuak.

   Hala, 12 kamara termiko, bi kamioi autotanke, kale estuetan sartzeko moduko ibilgailu bat eta autoeskailera bat dira Gipuzkoako Aldundiak legegintzaldi honetan egingo dituen inbertsio nagusiak. Furgoneta txikia beste kamioiak pasatzen ez diren kale estuetan sartzeko erabiltzen dute. "Pasai Donibaneko edo Hondarribiko alde zaharrak oso estuak dira eta kamioi arruntek ezin dute pasatu", argitu du Maider Ziganda Modernizazioa eta Zerbitzuetako zuzendariak.

   Horrekin batera, laster ibilgailu autoeskailera berria ekarriko dute eta horren kostuaren lehenengo zatia 2013ko aurrekontuetan sartuta dago. Kale estuetan sartzen den furgoneta, kamara termikoak eta autoeskalaren lehenengo zatia 280.000 euroko inbertsioa izan du; autoeskalak, guztira, 600.000 euroko inbertsioa suposatuko du, eta beste horrenbeste gaur aurkeztu diren bi kamioi autotankeek. Bi kamioi berriak Oñatiko eta Irungo parkeetan daude.

   Horrez gainera, eraikinen eta instalazioen hobekuntzan, makinerian eta ikus entzunezkoen transmisiorako ekipoetan ere inbertitu du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

   Gipuzkoako Suhiltzaileek zortzi parke dituzte herrialdean: Azpeitian (Urola), Eibar (Arrate), Irunen (Bidasoa), Legazpin (Korosti), Oñatin (Zubillaga), Ordizian (Goierri), Tolosan (Oria) eta Zarautzen (Kosta). Zerbitzuaren hedadura eremua Gipuzkoako lurraldearen %91 eta biztanleriaren %64 hartzen du.

BALANTZEA

   Aipatu bezala, Gipuzkoako Suhiltzaileek 1.882 ezbeharretan parte hartu zuten 2013an. Salbamenduko esku hartzeak 1.100 izan ziren, 743 suteak eta 23 asistentzia teknikoak. Gainontzekoak alarma faltsuak izan ziren.

   Zigandak nabarmendu duenez, suhiltzaileen zerbitzua "oso eraginkorra" da. "Suhiltzaileek abisua jasotzen dutenetik lekura iristen diren arteko denbora tartea 15 minutukoa baino txikiagoa izan zen kasu gehienetan (%71)", esan du.

   Gipuzkoako Suhiltzaileek iaz egindako salbamenduko esku hartze gehienak listor beltzen habiak kentzeko (258), arriskuan zeuden pertsonak artatzeko (244) eta naturaren arriskuei -uholdeak, haizeteak- aurre egiteko (216) izan ziren. Urak, gasak, argindarrak eta produktu arriskutsuek sortutako esku hartzeak (120) ere izan ziren.

   Suteei dagokienez, hiri eta herrietako eraikinetan izandako suteak (245) izan ziren suhiltzaileen esku hartzerik ohikoenak. Isolatutako suteak (hedatzen ez direnak) itzaltzeko 173 aldiz parte hartu zuten, eta auto istripuetan sortutako suteak 127 izan ziren.

   Esku hartze horiek guztiak Gipuzkoako Aldundiaren Bai Esan koordinazio zentroak kudeatu zituen. SOS Deiak Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen zerbitzuak larrialdi dei guztiak jasotzen ditu 112 zenbakiaren bidez, eta horrek Bai Esan zerbitzuari bideratzen dizkio Gipuzkoako Aldundiari dagozkionak. Bai Esan zerbitzuak, orotara, 6.234 larrialdi dei kudeatu zituen 2013an. Horietako 2.157 suhiltzaileei zegozkien.

   Aipatzekoa da 2012tik 2013ra larrialdi dei kopuruan izan den igoera; 2012an, 4.948 dei bideratu zituen Bai Esan zerbitzuak, eta 2013an, beraz, 1.286 dei gehiago jaso zituen Bai Esan Gipuzkoako Foru Aldundiko koordinazio zentroak. Nolanahi ere, suten kopurua jaisteko joera hartu du 2003tik hona.

   Esku hartzeak, oro har, beste erakunde batzuetako zebitzuekin elkarlanean egiten dituzte Gipuzkoako Suhiltzaileek. Hala, Ertzaintza (1.005) izaten da esku hartzeetan kiderik ohikoena; udaltzaingoa (671) eta Osakidetzako anbulantziekin (221) batera ere maiz lan egiten dute Gipuzkoako Suhiltzaileek.

   2013ko esku hartzeetan izandako biktimen balantzeari dagokionez, kasurik ohikoenak zaurituak izan ziren (203 pertsona), arrisku lekutik eramandako pertsonak 156 izan ziren, hildakoak 44 eta intoxikatutako bost lagun. Suhiltzaile bakarra zauritu zen iaz egindako esku hartzeetan.