Gipuzkoako zerga bilketa metatua %12,1 igo da martxoa arte

Zerga bilketa gora Gipuzkoan martxoa arte
Europa Press
Actualizado: miércoles, 19 abril 2017 12:48

DONOSTIA, 19 (EUROPA PRESS)

Zerga bilketa metatua %12,1 igo da Gipuzkoan martxoa arte, aurreko urteko aldi berdinarekin alderatuta. Zehazki, 2016an baino 78 milioi euro gehiago batu dira aurten. Sarreren atalean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) eta Balio Erantsiaren gaineko Zergan (BEZ) jazotako gorakadek azaldu dute igoera. Itzulketen alorrean, berriz, murriztu egin dira Sozietateak eta BEZ zergei dagozkionak.

Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza diputatuak ontzat eman ditu emaitzak, baina berretsi du "goiz" dela oraindik ondorioak ateratzen hasteko. "Adierazle gehiegi falta zaizkigu oraindik. Lurralde arteko doikuntzak falta dira, baita Estatuarekin egiten ditugunak ere. Gainera, uda arte ez ditugu izango kanpaina nagusien emaitzak. Hori dela eta, zuhurrak izaten jarraitu behar dugu", gogoratu du. Hala ere, lan etekinen gaineko atxikipenen bilakaera ona azpimarratu du, "ekonomia eta enpleguaren indartzearen ondorio zuzena delako".

Errentaren gaineko Zergaren esparruan, lan atxikipenen atalean 14,8 milioi euro gehiago jaso ditu Gipuzkoako Ogasunak (%4,2 gehiago). Ondare irabazien gaineko atxikipenak ere igo dira, 4,2 milioi euro gehiago bildu baitira. Aitzitik, bilakaera negatiboa izan da kapital higikorren etekinen atalean, 1,3 milioi gutxiago batuz. Halere, PFEZ bere osotasunean hartuta emaitza positiboa da, pasa den urtean baino 15,1 milioi euro gehiago batu baitira (%3,8 gehiago).

Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiak, hau da, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kontzeptuak, 11,8 milioi euro gehiago bildu ditu: sarrera gordinak 11,1 milioi euro gutxitu dira, eta itzulketak 22,8 milioi eurotan gutxitu dira.

Azkenik, Gipuzkoako Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %27,7 igo da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 50,5 milioi euro gehiago bildu dira: sarrerak 15,3 milioi gehitu dira (%4,6) eta itzulketak 35,1 milioi murriztu (-%23,7).