Giza gorputzari eta norbere buruaren apainketari lotutako lexikoa, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren IX. liburukian

Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren IX. Liburukia aurkeztu dute
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: miércoles, 23 mayo 2018 13:22

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren (EHHA) bederatzigarren liburukian giza gorputzarekin, janzkerarekin, norberaren buruaren apainketarekin, sexualitatearekin eta haurtzaroarekin zerikusia duten zernahi hitz eta esamolde jaso dira, besteak beste. Guztira, 262 mapak osatzen dute liburuki berria.

Bilbon aurkeztu da asteazken honetan Atlasaren liburuki berria eta horrekin batera argitaratu den CDa. Aurrekoak bezala, Laboral Kutxaren babesarekin argitaratu du Euskaltzaindiak "lan mardul, zabal eta aberats hau".

Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du xede, eta orain arte argitaraturiko bederatzi liburukiak kontsulta daitezke Euskaltzaindiaren web orrian (www.euskaltzaindia.eus/ehha), 5. eta 6. liburukiko audioekin batera.

Adolfo Arejita proiektuaren zuzendariak adierazi duenez, "tradizioz transmititu den herri hizkeraren lekuko da Atlasa. Ahozko hizkuntzaren ispilu objektiboa izatea du helburu. Batetik, euskaraz bizi izan den gizartearen -edo gizarteen- bizimodua erakusten digute; bestetik, literatura landuaren eta hizkera aratuaren aurrean, kontrako ispilu modura jokatzen du Atlasak".

Bestalde, Andres Urrutia euskaltzainburuak nabarmendu du berriro ere Euskaltzaindiak "euskalgintzaren eta gizartearen eskuetan" jartzen duela bere lana, "uste baitu hori dela bere egitekoa".

Gainera, Julio Gallastegi Laboral Kutxako zuzendari nagusiak azpimarratu du liburuki berriaren prestakuntzan "goi mailako ikerketa" garatu dutela Euskaltzaindiko ikerlariek. "Gure hiztegiak dituen aniztasun eta ñabardurak metatuz eta aztertuz gero, bilduma honetan azaltzen dira ondare moduan, eta horrek duen balioa ezinbestekoa da", adierazi du.

Horrela, 262 mapaz osaturiko liburuki berrian, besteak beste, giza gorputzarekin, janzkerarekin, norberaren apainketarekin, sexualitatearekin eta haurtzaroarekin zerikusia duen lexikoa landu da eta zernahi esparrutako hitzak eta esamoldeak jaso dira. Batetik, giza gorputzarekin lotutako izenak bildu dira; bestalde, janzkerari eta apaintzeari buruzko informazio baliagarria ere ageri da; orobat, sexualitatea eta haurtzaroa ere aztergai izan ditu liburukiak eta bi eremu hauetako lexikoa ere jasotzen da.

Mementoz, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren bederatzi liburuki kaleratu dira, eta guztiak daude kontsultagai, PDF formatuan, Euskaltzaindiaren webgunean (www.euskaltzaindia.eus). Izan ere, bederatzigarrena asteazken honetan bertan jarri da publikoaren eskura.

Horrezaz gain, V. eta VI. liburukiak ikusgai eta entzungai daude webgunean: batetik, liburukien testu osoak PDF formatuan irakur daitezke, osorik, eta, bestetik, lekukoek emandako erantzunak entzun daitezke V. zein VI. liburukiaren audioak ere eskegita daudelako Akademiaren webgunean bertan.

ATLASA

Euskararen Herri Hizkeren Atlasak ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du xede. Egitasmoa 1984an jarri zen abian, galdeketa puntuen sarea, galdera sorta eta lan metodologia finkatu zirelarik. Galdera sorta horrek hizkuntzaren datu guztiak biltzen ditu: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia.

Datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziren. 145 herri horietan eginiko inkestekin 2.400 zinta grabatu ziren. Euskaltzaindiak bildurik dituen grabazioak 4.000 ordutik gora dira (batez beste, 27 ordu herriko).

2010ean kaleratu ziren I. eta II. liburukiak. Lehenak, honako gai hauek jorratzen ditu: intsektuak, itsas arrainak, ibai arrainak eta ibai arrantzako tresnak, narrastiak eta urpekoak, txoriak, basa animaliak eta ehizako arteak, eguzkia eta zerua, eguraldia, elurra eta hotza. Bigarren liburukian aztertu eta landu ziren esparruak hiru dira: denbora kronologikoa, topografia eta landaretzaren lehen atala.

Hirugarren liburukian (2011) tradizioko bizimodu eta ingurumenaren inguruko gai edo kontzeptuak landu ziren: batetik, lurra, euskal gizakia bizi den lurra; lur horretan erne diren belar, landare, zuhaixka eta zuhaitzak; lurrak berez edo gizakiaren eraginez ematen dituen uztak; bestetik, euskal gizakiarekin belaunez belaun bizikidetza estuan bizi izan diren animaliak, euren parte esanguratsuak eta euren inguruko prozesuak.

Laugarren liburukian (2012) kontzeptu ugari bildu eta landu ziren, eremu biren inguruan: etxe abereak eta etxea bera. Bosgarren liburukiak (2013) izenaren morfologia landu zuen, eta parterik handiena deklinabideak hartu zuen. Seigarrenak (2015) aditz morfologia jaso zuen, eta gehien erabiltzen diren aditzaren forma jokatuak aztertu ziren.

Zazpigarren liburukiaren (2016) lehen atalean baserriaren, etxearen, lur lantzearen, goldearen eta garraioaren eta inguruko edo etxeko zenbait kontzeptu landu dira. Liburukiaren bigarren partean gramatika kategoria oinarrizko batzuk eta aditzaren inguruko zenbait alderdi landu dira, bereziki sintaxiari dagozkionak.

Zortzigarren liburukian (2017) 250 mapa argitaratzen dira, eta lexikoaren arloa lantzen da, batez ere, esparru desberdinetako hitzak eta esamoldeak jasotzen direla. Alde batetik, baserriko zenbait lanabesen izenak bildu dira liburuki honetan; bestalde, arlo desberdinetako prozesu eta langintzei buruzko informazio baliagarria ere ageri da; prozesu hauekin guztiekin loturiko lexikoa ere jasotzen da.