Giza jatorriko substantzien emaile eta hartzaileen segurtasuna hobetzeko europar proiektu batean ari da Osakidetza

Emakume bat odola ematen
Europa Press - Archivo
Actualizado 2018/06/14 10:49:56 CET

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Osakidetzako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa eta Berrikuntza, Ikerketa eta Osasunaren Euskal Fundazioa (BIOEF) europar proiektu batean ari dira parte hartzen, 15 herrialdetako transfusioko hainbat erakunde, ospitale, ikerketa zentro eta unibertsitaterekin batera, giza jatorriko substantzien emaileek eta hartzaileek dituzten arriskuen ebaluazioa are gehiago hobetzeko.

Substantzia horiei SoHO esaten zaie eta odola, ehunak, zelula amak, plasmaren eratorriak diren sendagaiak, laguntza bidezko ugalketarako zelula germinalak eta organoak barne hartzen ditu, besteak beste, Osakidetzak jakinarazi duenez.

Europar Batasuneko bost milioi gaixok baino gehiagok jasotzen dituzte urtean giza jatorriko substantzien erabileran oinarritutako transfusio, inplante eta terapiak. Tratamendu horiek, hein handi batean, 13 milioi emaile baino gehiagotik eskuratutako SoHOen eskuragarritasunaren menpe daude.

Euskal erakundeak parte hartzen ari diren proiektuaren izena Transpose da, eta, hari esker, emaileen hautaketan eta hartzaileen babesean arriskua gutxiagotzean oinarritutako jokabide komunak zehaztuko dituen gida eguneratua garatuko da. Emaileen osasunaren ohiko galdetegi bat ere egingo da, tokiko edo eskualdeko gida batekin batera. Gida asko zabalduko da eta Europa osoan zenbait arriskuren prebalentziaren inguruan Estatu kide guztien arteko konparaketak egiteko baliagarria izango da. Horrela, osasun arretan sartzen diren profesionalek giza jatorriko halako produktuen erabilera klinikorako tresna praktiko bat izango dute eguneroko lanean.

2017ko irailean abiatu zen Transpose proiektua, eta Europar Batasunak Chafea-3rd Health Programme egitasmoaren bitartez finantzatutako 0,9 milioi euroko aurrekontua du. Transpose fase aurreratuan dago jada, eta 2020an bukatzeko aurreikusita dago.

EMAITZAK EMATEN

Testuinguru honetan, proiektuan parte hartzen ari diren Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko zuzendari Miguel Ángel Vesga doktoreak, eta Fernando Urbano doktoreak eta Cristina Eguizabal doktore ikertzaileak nabarmendu dutenez, "ikertzaileen taldearen esfortzuak, konfiantzak eta animoak etorkizun handiko emaitzak ematen ari dira, SoHOak ematea babestea are gehiago hobetze aldera".

"Tranpose proiektuak egungo praktika eta ezagutza zientifikoak aztertuko ditu eta gaiarekin lotutako europar zuzentarauak berrikusteko prozesua erraztu ahal izango du. Gida hori printzipioen optimizazioan eta emaileen eta hartzaileen hautaketa eta babeserako jarraibideetan oinarrituko da. Gidalerroak modu berean eta argian inplementatzen lagunduko die Europar Batasunaren Estatu kide guztiei", adierazi dute.

Giza jatorriko substantziak lortzeko prozedurak, emailearen hautaketa eta produktu horien prestaketa, kontserbazioa eta banaketa barne, Europar Batasunaren hainbat zuzentarauen bitartez daude araututa. Halaber, Sendagaien Kalitateko eta Osasunaren Zaintzako Europar Zuzendaritzak gomendioak argitaratzen ditu giza jatorriko substantzien prestaketarekin, erabilerarekin eta bermearekin lotuta, haiek kontrolatu eta estandarizatzeko helburuarekin.

Euskal osasun sistemak eskarmentu handia du ekintza arlo horretan. Egun, arlo horretako 28 ikerketa proiektutan hartzen du parte. Biocruces Bizkaia, Biodonostia eta Bioaraba osasun ikerketa institutuetan eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan garatuko dira proiektu horiek.