Gizarte "aktiboagoa" lortzeko programa abiaraziko dute Donostia Kirolak eta Osakidetzak

Piztu! programa aurkeztu dute
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: viernes, 3 febrero 2017 13:45

DONOSTIA, 3 (EUROPA PRESS)

Donostia Kirola erakundeak eta Osakidetzako Donostialdeko ESIk Piztu! programa jarriko dute martxan, gizarte "aktiboagoa" lortzeko asmoz. Pertsona ez aktiboei zuzendutako jarduera fisikoko preskripzio, orientazio eta aholkularitza zerbitzua da, eta modu esperimentalean Intxaurrondo auzoan garatuko da, mugimendu gutxiko pertsonengan kirol ohiturak sortzeko helburuarekin, osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko.

Aholkularitza zerbitzua doakoa izango da, Intxaurrondo udal kiroldegian kokatuko da, eta monitore aditu batek lagunduko ditu Intxaurrondoko Osasun Zentroko medikuek emandako jarduera fisikoa egiteko preskripzioa (eratorpen errezeta) jasotzen duten pertsonak, programaren arduradunek prentsaurrekoan azaldu dutenez.

Hain zuzen, monitore batek artatuko ditu bere medikuak eman dion errezetarekin kiroldegira hurbilduko diren pertsonak (aurretiko hitzorduarekin), eta lau asterako plan bat egingo die, bere nahiak eta ezaugarriak kontuan hartuta. Lau asteak igarota, berriro berarekin bilduko da eta, epe horretan sor daitezkeen zalantzak eta eragozpenak argitzeaz gain, hurrengo 12 hilabeteetarako plana egingo die. Bosgarren eta hamabigarren hilabeteetan ere bere jarduera fisikoaren mailaren jarraipena egingo du monitoreak.

Aholkularitza zerbitzuaz gain, Piztu! programaren barruan patologia jakin batzuk dituzten pertsonei zuzendutako ikastaro bereziak antolatzea aurreikusi da. Pertsona hauek ere osasun zentrotik bidaliko dituzte eta bere medikuek jarraipen berezia egingo diete, egiten duten kirol jarduerak bere osasun egoeran onurak kontrolatzeko. Lehendabiziko ikastaroa datorren astelehenean, otsailaren 6an, hasiko da, kirol aholkularitza zerbitzuarekin batera.

Piztu! programa berria Donostia Kirola erakundeak Donostialdeko ESI eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin duen lankidetza esparru zabalagoan sartzen da. Lankidetza esparru horren baitan, azken urteetan zenbait jarduera garatzen ari dira Donostian, besteak beste, adinekoen artean erorikoak prebenitzeko tailerrak edo kardiopatiak dituzten pertsonen errehabilitazio ekintzak. Halaber, donostiarren osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko helburu amankomunarekin bestelako programak egitera ere irekita dago.