Gizarte Berrikuntzarako Zentro bat sustatuko dute Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan

Bilboko Udaleko eta Wikitokiko ordezkariak
Foto: BILBOKO UDALA
Actualizado: lunes, 10 febrero 2014 13:33

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udaleko eta Wikitoki Elkarsorkuntzarako Laborategiko ordezkariek bien arteko lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, Gizarte Berrikuntzarako Zentro bat sustatzeko Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan, eragin soziala, ekonomikoa, urbanoa, kulturala eta politikoa izango duten proposamenak garatzera bideratzeko.

   Elkarbizitzarako eta jarduera ekonomikorako toki gisa auzoek duten protagonismoa finkatzea lehentasunezko xedeetako bat da Bilboko Udalarentzat, bertako auzokideen ongizatea eta bizikalitatea hobetzeko asmoz, eta testuinguru horretan sinatu du lankidetza hitzarmena Wikitoki Elkarsorkuntzerako Laborategiarekin.

   Wikitoki Elkarsorkuntzerako Laborategiak sustatutako Gizarte Berrikuntzarako Zentro berriak 370 metro koadroko esparrua hartuko du Harrobi eraikineko bigarren solairuan. Eraikina Bilboko Udalarena da, eta zentroak hasiera batean bost urterako hartuko du aipatutako eremua. Hala, bien arteko lankidetza prozesua abiarazi da, Bilboko Udaleko iturriek adierazi dutenez.

   Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoen "potentziala aktibatzeko borondate partekatua" izan da ekimenaren sorburua, hain zuzen ere, "ikuspuntu kolaboratzaile, interkultural eta belaunaldien artekotik gizarte berrikuntza eta hiritarren proposamenak garatzeko leku apropos auzoek duten potentziala aktibatzeko borondatea". Gaur egun, inguru horretan 16.231 pertsona bizi dira; zahartze indizea %15,8 da, eta batez besteko errenta pertsonala, berriz, 12.368 eurokoa.

WIKITOKI

   Wikitoki Elkarsorkuntzerako Laborategia izaera pribatu eta bokazio publikoko ekimen bat da, 12 elkarte eta eragile biltzen ditu eta guztiek dute esperientzia zabala kasuan kasuko lan ildoetan. Horien artean gehienek ibilbide finkatua dute Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan, eta beste batzuek, ostera, orain egin dute bat auzoko bizitzarekin.

   Amets Aldatzeko, Artaziak, ColaBoraBora, Histeria Kolektiboa, Ideatomics, Josunene, Mobiolak, Numeroteca, {Pez} Estudio, Shareak, Ttipi Studio eta Zaramari dira proiektuaren talde sustatzaileak, elkar sorkuntzarako eta praktika kolaboratzaileetarako laborategi gisa sortu dena.

   Harrobi plazan dagoeneko existitzen diren beste egitasmo batzuei gehitu behar zaie, eta, hala, elementu sozialak, kulturalak, hezkuntza arlokoak eta ekonomikoak uztartuko dituzten jarduerak egiteko, ugaritzeko eta dibulgatzeko elkargune bihurtuko da enparantza.

   Horrela, Harrobi eraikinak bere protagonismoa eta presentzia indartuko ditu Bilborentzat estrategikoa den kokalekuan. Bilbo Zaharrak, San Frantziskok eta Zabalak bizikidetza atsegineko eremu alternatiboa sendotuko dute horrela, parte hartzailea eta akordioa oinarri hartuta kudeatutakoa.

   Kokaleku horretan bertan, Bilbao Ekintzaren laguntzarekin sortutako 14 enpresak beren instalazioak dituzte. Orain arte, enpresa horiek 21 lanpostu zuzen sortu dituzte, hiriaren etorkizunerako balio handikoak diren lau sektore estrategikorekin lotuta: zerbitzu aurreratuak (lau enpresa), ekoteknologiak eta hiri soluzioak (bi enpresa), artea, teknologia eta diseinua (sei enpresa), eta turismoa, osasuna eta bizi-kalitatea (bi enpresa).