Gizarte kohesioa izango da Erronkak programako hurrengo hitzaldietako eztabaidagaia, Donostian

Actualizado: viernes, 21 octubre 2016 14:02

DONOSTIA, 21 (EUROPA PRESS)

Donostia 2016 Europako Kultur Hiribiruak eta Jakiunde Arte eta Zientzien Euskal Akademiak antolaturiko "Erronkak / Desafíos" programaren hurrengo hitzaldiak urriaren 26an eta 28an izango dira, eta gizarte kohesioa indartzea izango dute eztabaidagai. Hitzaldiak Deustuko Unibertsitateak Donostiako campusean duen Loiola Centrum eraikinean izango dira, "Gizarte lana, loturak sortzeko artea" III. Nazioarteko Biltzarraren baitan.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, Teresa Matus Sepúlveda Txileko Unibertsitatean Gizarte Laneko doktore eta zuzendariak "Nola sortu loturak krisi garaietan? Gizarte Lanaren arloko egungo ikuspegiek kritika erlazionalari egiten dioten ekarpena" hitzaldia eskainiko du, gaztelaniaz, urriaren 26an, goizeko 10:30ean.

Halaber, hilaren 28an, 12:30ean, "Researching the emotional dimensions of communication in social work: A critical approach" (Komunikazioaren dimentsio emozionalak gizarte-lanean ikertuz: ikuspegi kritiko bat) hitzaldia emango du Karen Healy irakasleak. Healy gizarte lanean doktorea eta zuzendari laguntzailea da Australiako Queensland Unibertsitateko Erizaintza, Obstetrizia eta Gizarte Laneko ikastetxean. Aldibereko itzulpen zerbitzua izango da.

Esan bezala, Deustuko Unibertsitateak Donostian campusean duen Loiola Centrum eraikinean izango dira hitzaldiak, dohainik, lekua bete arte, eta gizarte lanari buruzko nazioarteko III. biltzarreko agendan jasota daude. Biltzarra urriaren 26, 27 eta 28an izango da, eta hitzaldiak, elkarrizketak eta mahai inguruak egingo dira bertan. Gizakien arteko loturek daukaten garrantziaz arituko dira hainbat pertsona esanguratsu.

"Erronkak / Desafíos" hitzaldi eta eztabaida programa bat da, eta herritarrak sentsibilizatzea, orientatzea eta zenbait tresnez hornitzea bilatzen du, XXI. mendean izango diren erronka kolektibo handiei aurre egin ahal izateko.

Ekitaldietarako proposatutako ikuspegiek alderdi garrantzitsuak identifikatu eta landuko dituzte, hainbat arlotakoak, hala nola osasuna, kultura, zientzia, ekonomia, lehiakortasuna, lurralde antolamendua eta gizarte antolamendua. Horretarako, Jakiundek zientzia batzorde bat sortu du, akademiako kideek eta nazioarteko adituek osatua, eta galdera horiei guztiei erantzuten saiatuko da. Proiektuak Laboral Kutxaren babesa eta San Telmo Museoaren laguntza ditu.