Gizarte Lanaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute asteartean Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean

Publicado: lunes, 19 marzo 2018 13:48

DONOSTIA, 19 Mar. (EUROPA PRESS) -

Gizarte Lanaren Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldiak izango dira Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean, asteartean, martxoaren 20an. Bigarren urtez jarraian, "Komunitate eta ingurune iraunkorrak sustatuz" Agenda Globalaren hirugarren konpromisoarekin bat egingo da, mundu osoko gizarte langileek beren komunitateetan eta ingurunean iraunkortasuna sustatzeko lan egin dezaten.

Deustuko Unibertsitateak jakinarazi duenez, ekitaldien artean, gizarte zerbitzuetan familia ardatz duen arreta eredua aurkezteko hitzaldia eskainiko du Bartzelonako Udaleko Gizarte Zerbitzuen Udal Institutuko taldeak, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gizarte zerbitzuen arreta eredura ekar daitekeen jardunbide egokia dela uste baita.

Urtero martxoko hirugarren asteartean egiten den bezala, gizarte laneko profesionalen konpromisoa, ekarpena eta lana gogoratu nahi dira Gizarte Lanaren Nazioarteko Egunean, "egunero aritzen baitira lanean gizarte errealitatearen aldaketa bideratzen, gizartean esku hartuz eta herritarren gizarte eskubideen alde borroka eginez eta eskubide horiek bermatuz".

Gizarte Langileen Nazioarteko Federazioko kideek 2008an Brasilgo Salvador de Bahian egindako biltzarrean erabaki zuten, aho batez, Gizarte Langileen Nazioarteko Eguna ospatzea, urtero martxoko hirugarren asteartean. Europako herrialdeetan, Gizarte Lanaren Nazioarteko Eguna Giza Eskubideen Egunarekin batera ospatzen zen, abenduaren 10ean. 2009tik aurrera, aldiz, martxoan ospatzen hasi zen eta nazioarteko hiru elkarteren ekimenak bateratu ziren: Gizarte Langileen Nazioarteko Federazioa (FITS-IFSW), Gizarte Laneko Eskolen Nazioarteko Elkartea (AIETS-IASSW) eta Gizarte Ongizaterako Nazioarteko Batzordea (CIBS-ICSW).