Gizarte larrialdiko egoerei aurre egiteko 23 milioi euroko gastua onartu du Jaurlaritzak

Actualizado: martes, 23 febrero 2016 12:28

GASTEIZ, 23 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 23 milioi euroko aurrekontu saila onartu du astearte honetan, 2016an gizarte larrialdiko egoerei aurre egiteko, 2015ean baino milioi bat euro gehiago, Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren proposamenari erantzunez.

   Jaurlaritzako arduradunen esanetan, gizarte larrialdiko laguntzak (GLL) ez dira aldizkako prestazioak eta ohiko zein ezohiko gastu jakinei aurre egiteko baliabide nahikoak ez dituzten bizikidetza unitateei zuzentzen zaizkie. Batez ere, etxebizitzarekin, energiarekin eta sistema publikoek estaltzen ez dituzten bestelako beharrekin lotutako gastuei aurre egiteko erabiltzen dira.

   Abenduaren 23ko Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko 18/2008 Legeak arautzen duen Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Euskal Sistema, gizarte larrialdiko laguntzek, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentak eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarriak osatzen dute.

   Ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsona guztien eskubide subjektiboa den bi prestazioak ez bezala, gizarte larrialdiko laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Aurrekontu Orokorretan esleitutako kredituaren araberakoak dira. Iaz, 27.000 bizikidetza unitate inguruk jaso zuten laguntza, hau da, 48.000 onuradun inguruk (%52 Bizkaian, %28 Gipuzkoan eta %20 Araban).

   Jaurlaritzak astearte honetan onartu duen aginduan, bizikidetza unitateek diru sarreren eta osatzen duten pertsona kopuruaren arabera gehienez jaso ditzaketen portzentajeak adierazi da. Era berean, udalerrietan erroldatutako pertsonek aurkeztutako eskabideetan oinarrituta, udal bakoitzari dagokion aurrekontu muga jaso du.