Gizarte Segurantzaren RED sisteman euskaraz, katalanez eta galegoz egitea "debekatuta" dagoela salatu du UEMAk

Actualizado: viernes, 4 marzo 2011 17:17

BILBO, 4 Mar. (EUROPA PRESS) -

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Gizarte Segurantzaren RED sisteman euskaraz, katalanez eta galizieraz egitea "debekatuta" dagoela salatu du. RED sistemak gero eta gestio gehiago bideratzen ditu eta, abian jarri zenetik urte asko pasatu bada ere, gaur egun ez dago euskaraz, katalanez eta gailegoz erabiltzerik, UEMAko iturriek adierazi dutenez.

Ondorioz, enpresa edo erakunde bakoitzean dauden langileei buruzko gestioa egin ahal izateko, esate baterako, altak, bajak edo gizarte aseguruen ordainketak, gaztelera erabili behar da derrigorrean.

UEMAren arabera, gaur arte, zeregin horiek euskaraz egiteko aukera izan da, "baina ez da erraza izan zeregin horiek euskaraz egitea, Gizarte Segurantzak ez dituelako beharrezko inprimaki asko euskaraz eskaini". "Horrek lan gehigarria ekarri dio udal eta enpresei, agiriak euskaraz jartzen edo eskuratzen saiatu behar izan duelako", gaineratu dute.

RED sistema indarrean jarri zenetik hona Gizarte Segurantzak "ez du inolako ahaleginik egin eleaniztasunera egokitzeko", UEMAk salatu duenez, eta beraz, "ez euskaldunok bakarrik, katalanek eta galegoek ere, ez dute aukerarik euren hizkuntzan jarduteko". "Zer esanik ez asturiarrek eta aragoieraz mintzo direnek. Hau da, guztira ia 14.000.000 pertsonak (hamar biztanletik hiruk) ezin dugu gure hizkuntza erabili Gizarte Segurantzaren RED sisteman", kritikatu dute.

KONGRESUAN

Hori ikusita, eta arazoa konpontzeko, UEMA harremanetan jarri zen Bizkaiko Gizarte Segurantzarekin, eta erantzunik ez zegoenez, Espainiako Kongresuko euskal parlamentario batzuei arazoaren berri eman zitzaien, bertan arazoa mahai-gaineratzeko. Horren ondorioz, EAJren ekimenez, ez-legezko proposamena onartu zen azaroan Diputatuen Kongresuan Estatuko Administrazioa eleaniztasunera egokitzeko beharra azpimarratzeko eta, zehazkiago, zerbitzu telematikoetan epe labur-laburrean eskubide horiek bermatzeko egin beharrekoak egin zitzaten.

Gestio horien ondorioz, UEMAri eta bertan parte hartzen duten hiru udali behin-behineko baimena eman zieten euskarazko paperezko agiriak erabiltzen jarraitzeko, RED sistemaren ordez. Nolanahi ere, langileen gizarte-zergak ordaindu behar dituen bakoitzean, Gizarte Segurantzako bulegoetara joatera "zigortu" dituzte lau erakunde horiek.

Bestalde, Gizarte Segurantzak ordainketa horiek finantza-erakundeetan egin ahal izateko, "Autorizado" zigilua jarri eta berriro finantza-erakundera joan beharko dute, ordainketa egitera. "Azken batean, euskaraz lan egin nahi izateak lan gehiago eragin digu, paperean funtzionatu behar izatearen ondorioz", adierazi dute.

Horregatik, hizkuntza-alorrean dauden lege guztiak betez eta betearaziz, UEMAk Gizarte Segurantzari eskatu dio ez dezala baztertu euskaraz edo tokian tokiko berezko hizkuntzetan lan egiteko erabakia hartu duen erakunde publikoak, eta onar dezala gaztelania ez beste hizkuntzak erabiltzea Gizarte Segurantzarekiko idatzizko harremanetan.

Halaber, RED sistemari dagokionez, Gizarte Segurantzak sistema hau ahalik eta lasterren euskaraz, katalanez eta galizieraz erabiltzeko aukera eman dezan galdegin dute, aparteko lanik edo ezelango zigorrik jaso behar izan gabe.